Gobernua, EAJ-PNV e ITZARRI

Hauxe da egun horretako PNVren oharra:
EAJ-REN ZUZENKETA BATEK BIDE EMATEN DIE ERAKUNDEEI EKARPENAK EGITEKO BORONDATEZKO GIZARTE AURREIKUSPENEKO ERAKUNDEEN ALDE.
Euskal Taldeak zuzenketa bat sartu ahal izan du Estatuaren 2014ko Aurrekontu Orokorretan. Hari esker 2011az geroztik indarrean egon den debekua kendu da, eta herri-erakundeek ekarpenak egin ahal izango dituzte borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeen alde, kinka larrian baitzeuden.
- Euskal Taldea pozik agertu da “errore handi bat zuzendu” izanagatik, eta orain dela 30 urte hasitako proiektu bati jarraipena eman ahal izanagatik.
- Legebiltzarreko Euskal Taldeak (EAJ-PNV) zuzenketa bat sartu ahal izan du Estatuaren 2014ko Aurrekontu Orokorretan, eta horrela herri-administrazioek, sozietateek eta erakundeek “ekarpenak egin ahal izango dituzte erretiro-gertakizunaren estaldura duten enpleguko pentsio-planetan edo aseguru kolektiboko kontratuetan, baldin eta plan edo aseguru-kontratu horiek 2011ko abenduaren 31 baino lehen izenpetu badira.
- Defizita zuzentzeko aurrekontu-, tributu- eta finantza-arloetako premiazko neurrien abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege Dekretuaren bidez ezarritako debeku hark kolokan jarri zuen borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeen biziraupena; eta horrez gainera, segurtasun juridikoko arazo larriak sortu zituen. Izan ere, euskal langile publikoen gizarte-aurreikuspen osagarriaren sistema osoa zalantzan jarri zuen, eta kinka larrian utzi borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen geroko bideragarritasuna.
- Orain, eta EAJ-PNVren zuzenketari esker —Talde Popularrarekin hitzartua—, Estatuaren 2014ko Aurrekontu Orokorren Lege-egitasmoaren 20.Hiru artikulua aldatu da, eta salbuespen bat ezarri zaio herri-administrazioetarako debeku orokorrari, erretiro-gertakizuna duten enpleguko pentsio-planetan edo aseguru kolektiboen kontratuetan ekarpenik egitekoa. Salbuespen hori dela bide erretiro-gertakizuna duten enpleguko pentsio-planetan edo aseguru kolektiboko kontratuetan ekarpenak egin ahal izango dira, baldin eta aipaturiko planak edo kontratuak 2011ko abenduaren 31 baino lehen izenpetuak izan badira.
Joan den asteburuan Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Funtzio Publikoaren sailburuak —denak alderdi politiko berekoak— beren zalantzak agertu dituzte jendaurrean, Itzarriri ekarpenik benetan egiterik ote dagoen, soldata-masa gehitzerik ez dagoelakoan.
Adierazpen horiek ikusita, ELAtik hainbat galdera plazaratzen dugu.
Joan den osteguneko PNVren oharrean gezurretan ari ziren edo Madrilen negoziatu zutenek ez zekiten zer hitzartu zuten? Hitzarturikoaz jabetu baziren, eta joan den astetik hori bazekiten, herri-langileok ergeltzat hartu al gaituzte? Eskubideak kentzeaz gain, nahita esaten dizkigute gezurrak?
Ezin ulertuzkoa da agintean dagoen alderdi politikoa lortutakoaz harro azaltzea, eta herri-langileen zuzeneko arduradunek, alderdi berekoek, lorpen horren aplikazioa zalantzan jartzea, noiz eta 87.000 herri-langile dauden neurriaren eraginpean.
ELAren ustez diru hori esleituta egon beharko zuen aurrekontuetan 2012. urtetik, eta baita hurrengo urteetan ere; beraz, exijitzen diogu gobernuari horretarako diru-sail bat gordetzeko, eta Itzarriren aldeko ekarpenak 2014ko urtarrilaren 1etik berriro egiten hasteko.
Osterantzean, agerian geratuko da beren benetako interesa: murrizketa GUZTIAK aplikatzea, Madrilgoak eta hemengoak. Madril aitzakiatzat hartzen dute hemen higadura txikiagoa izateko, baina murrizketak ondo datorkie guri soldatak jaisteko, eta hamarka urteetako borroketan lorturiko eskubideak ezabatzeko. Administrazioko murrizketak, gainera, eredugarriak dira gainerako langileentzat, beren estrategiaren arabera.
ELAk aurre egiten dio, indar guztiez, estrategia maltzur horri, eta eskatzen dio gobernuari akordioak betetzeko. ELAk mobilizazioa bultzatzen jarraituko du, bidegabe ostutako eskubideak itzularazteko, besteak beste, Itzarriren aldeko ekarpenak.