Horizonte 2016: ertzainek, Sailburuak esandakoa ezeztatzen dute

2014/06/13
1500 ertzainen artean egindako inkesta baten arabera, Horizonte 2016 planari buruzko iritzia ez da sailburuak saldu nahian dabilena

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Sailburuak behin eta berriz adierazi die herritarrei ertzainak ez datozela bat sindikatuok Horizonte 2016 Planari eta bera ezartzeko kudeaketari buruz dugun iritzi txarrarekin.

Hori esateak harritu egiten gaitu, izan ere, Segurtasun Sailak ez baitu inolako biderik jarri ertzainok iritzia eman ahal dezagun.

Ondorioz, ELA, Si.P.E eta EUSPEL sindikatuok ertzainen artean inkesta bat egin dugu bere iritzia eman dezaten; galderak hauek izan dira:

1. Zer irizten diezu plan horrek langile zaren aldetik zure interesentzat dituen eraginei?

 - % 69,20 balorazio OSO TXARRA.

- % 27,34 balorazio TXARRA.

-% 2,40 balorazio ONA.

-%1,04 balorazio OSO ONA.

2. Zer irizten diezu herritarrei eman beharreko zerbitzuan dituen ondorioei?

 - % 63,41 balorazio OSO TXARRA.

- % 33,33 balorazio TXARRA.

-% 2,34 balorazio ONA.

-%1,04 balorazio OSO ONA.

Inkestaren emaitzak oso argiak dira: Ertzaintzan jendea gogaituta dagoela ez dugu ordezkari sindikalok asmatu.

Zeren zain dago Sailburua proiektu hau baztertzeko? Herritarrek esan behar ote diote?

Egoera ikusirik, hiru sindikatuok dei egiten diegu ertzain guztiei, eta bereziki inkesta erantzun dutenei, datorren asteartean, hilak 17, goizeko 11etan beren haserrea ager dezaten Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza aurrean izango den bilkuran; han emango dugu inkestaren emaitzen berri.