ELA-Ertzaintzak Kukutzaren uztaraztea dela-ta, erabiliak izatearen ezadostasuna azaldu du
Enpresa pribatuetako nagusien interes soilen babeserako politikoek harturiko erabakiekin, Ertzaintzako arduradunen kobertura osoz, ertzainak erabili egiten gaituzte honelako operatiboetara behartuz. Horretaz gure ezadostasuna agertu nahi dugu.
Gure babesa izan behar luketeen gizartekideengandik aldendu eta zenbait kasutan aurka ere jartzen gaituzten ertzaintza eredurantz garamatzate. Espekulazio eta espekulatzaileen onurako erabiltzen gaituzten eredu hau al da Ares jauna eta bere taldekideek finkatu nahi dutena?
Goizaldeko ordutan aritzeaz, erabilitako jendeaz, edota tresneriaz, komunikabideei emandako jokuaz,… ez gara, orain, hikamikan arituko, baina bai argi hitzeginez zera salatzen dugu: Beste hainbat iharduerei honelakoak gehituz, gizartekideen mespretxua, urruntasuna… jasotzera daramate Ertzaintza, ondorioz jendearentzat talde errepresibo hutsa bihurtzen ari garelarik.
Ez dugu ahazten ertzainak, beraz poliziak, garela, berorrek suposatzen duenarekin. Horrexegatik gure nekadura kaleratu nahi dugu, erabiliak izatearen ezadostasuna azalduz. Zer nolako interes, diruzkoak edota beste era batekoak, izan ditzakete arazorik sortzen ez zuen Kukutzara bidali gaituztenak, epaile beraiek ere oraindik azken erabakirik hartu gabe zeudenean?
Zenbait gertaeretan ikusten diren ihardueraz guztiok, banakako zein taldeko hausnarketa egin beharra izango dugu. Profesionalak garenez ondo dakigu honelako ekintzetan zenbat gauza gerta daitezkeen,… baina galdera berbera berresten dugu: Zer nolako interesak babesten dituzte auzo oso baten aurka jarri gaituzten mandatari horiek?