M103 Bilera

2018/01/23
Segurtasun Sailak plaza hutsei derrigortasun-data ezartzeko erabakia aldatu egin du

Segurtasun Sailak atzera egin du joan den astean negoziazio-mahaian aurkeztu zuen proposamenean. Orduan plaza hutsei derrigortasun-data ezarri nahi zien, eta horren ondorioz hamarka ertzain bizilekutik urrun lan egitera kondenatuko ziren erretiro-egunera arte. Gainera, burutazio hark ez zuen inolako aurrerapenik ekarriko ertzainak euskalduntzeko bidera, eta euskalduntze-dekretuaren espirituaren kontra joatea izango zen, helburua ertzainak euskalduntzea besterik ez baita.

 

Gaurko bileran Sailak ELAren gai horretako eskakizunak onartu ditu, eta plaza hutsei derrigortasun-data ezartzeko ideia aldatu du. Hortaz, ertzainen talde handi batek norberaren bizilekura hurbiltzeko aukera izango du, eta Ertzaintzaren oraingo plantilla euskalduntzeko bidean aurrerapausoak emango dira.

 

Bilera berean ELA-Ertzaintzak bere iritzia azaldu du Sailak aurkezturiko Lanpostuen Zerrendaren aurka, Ertzaintzaren antolamendu-anabasaren arrazoia delakoan.

 

ELA-Ertzaintzak aurrerantzean ere jarraituko du ekinean, oraingo honetan bezala, Sailaren erabakiak zuzentzeko, eta Sailak azken urteotan egin dituen murrizketak eta ezarpenak behingoz kentzeko.