Mahai Orokorraren bigarren bilera

2013/02/28
Urkulluren gobernuak lehen bileraren jarrerari eutsi dio, eta garari batean babestu zuen legebiltzarraren 35 orduko legearen aurka jarria da. Madrilgo murrizketak beren horretan aplikatu nahi ditu, eta enplegua suntsitzen duten beste batzuk ezarri

ELAren iritziz Mahai Orokorraren bigarren bileran argi geratu da Jaurlaritzak lehen bilerako jarrerari eutsi
diola. Murrizketa-politikaren aldeko apustua egin du, eta bere murrizketak ezartzeko, Madrilgo dekretuez
baliatzen da. Hori horrela, Mahaia antzeztokia da murrizketak itxurakerien artean erabakitzeko.
ELAk exijitu du Jaurlaritzaren proposamena berehala erretira dezatela, eta euskal esparruko negoziazio
kolektiborako eskubidea errespeta dadila, kanpoko esku-hartze eta inposiziorik gabe; halaber, sindikatu
honek agintariei eskatu die autogobernua eta gizarte-politikak defenditzeko jarrera tinkoa agertzea, eta
enplegu publikoa suntsitzeko politika baztertzea.
Gobernuak, gure eskakizunei jaramonik egin barik, lanaldia 1614 ordura luzatzea (urtean 5 ordu)
proposatu du, 2013ko martxoaren 1etik aurrera. Horren ondorioz, langileei benetako lanaldia 45 orduz baino
gehiagoz luzatuko zaie, kontuan hartuz ez dela hartu konpentsaziozko neurririk, Aukerako Egunak eta
Antzinatasun Egunak berreskuratzeko.
Erabaki horrek enplegua suntsituko du, eta 35 orduko lorpena desegingo. Gogoan izan 35 orduko legea
PNVren aldeko botoa izan zuela Eusko Legebiltzarrean.
Bestalde, Gobernuak hitzez hitz kopiatu du Rajoyren dekretua, aldi baterako ezintasunaren osagarriei
dagokienez, salbuespenezko kasurik onartu gabe, dekretuak berak horretarako bide ematen badu ere.
Hortaz, langileek ezin izango dute jaso soldataren %100, egoera horretan dauden bitartean.
Neurri anekdotiko batzuk proposatu dituzte, besteak beste, txanda-kontratua berriro inplementatzea
(beharrezkoa izanik, indarrik gabe geratuko da Gobernu Zentralaren pentsio-erreformaren ondorioz),
jarduneko zerbitzualdia 65 urteetatik aurrera luzatzea indargabetzea, gastua geldiarazteko neurriak
bertan behera uztea, baina administrazio bakoitzean zertan eragingo zuen argi utzi gabe. Uko egin diote
enplegua sortzeari, eta langileen egonkortasuna ere ez dute ziurtatu nahi, ez baitute bermatu EPE-deialdirik
egingo denik.
Gobernuak ez du jarrera tinko bat zerbitzu publikoak kanpora ez ateratzeari buruz edo ez pribatizatzeari
buruz. Eta egia bada, Administrazioaren antolamendu-ahalmenaren barruan kanpora ez ateratzeko iritzia
azaltzen duela; ez da egia gutxiagokoa esatea ez duela batere zehazten irizpide hori, eta ez dituela berariaz
aipatzen pribatizatzeko arrisku handiagoa duten zerbitzuak.
Jaurlaritzaren proposamena ikusita, ELAk adierazi du berebiziko eraso larria dela zerbitzu publikoetako
langileen eta gizarte guztiaren aurka, eta modu arduragabeaz jokatuz herri honen autogobernua bazter utzi
duela.

ELAren lehengo, oraingo eta geroko eskakizunak honako hauek dira:

· 35 orduko lanaldiari eustea, eta Hezkuntzan ratioak eta irakastorduak beren horretan uztea.
· Aldi baterako ezintasuneko egoeran soldataren %100 jasotzea.
· Ordezpenak lehenengo egunetik kasu guztietan.
· Erosteko ahalmena berreskuratzea.
· Kendutako eskubide guztiak itzultzea.
· Horretarako, politika fiskalak zeharo aldatu behar dira, eta zerbitzu publikoen eta enplegua
sortzearen aldeko apustua egin.

.
ELAk berriz ere bultzatzen ditu zerbitzu publikoetako langileak mobilizaziora, politika neoliberal horiek
zeharo aldatzeko, gizartea pobretzea besterik ez baitute ekartzen.

Bihar, ostirala 11:00 etan, Lakuan kontzentraziorako deialdia egiten dugu