Murrizketarik ez!

ELAk Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei ordainsari osagarri baten bitartez urtarrilean ordaintzeko proposamena helarazi zien.
Gaurko egunean, Eusko Legebiltzarrak EAJ aldeko botoekin eta gainontzeko abstentzioarekin Eusko Jaurlaritzak 2013ko aparteko ordainsariak aurreratzeko egindako proposamena onartzea erabaki du. Modu honetan enplegatu publikoei behin-betiko 2012ko ordainsari guztiak emateari uko egin diote.
Uko egite honek bi urte eta erditan soldaten eros-ahalmenaren %20ko jaitsiera kontsolidatuko du, Eusko Jaurlaritzako langileek %100ean lan egin duten arren. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak aparteko ordainsarien aurreratzea langileen ordezkariekin hitz egin gabe bultzatu du, hau da, langileen iritzia kontutan izateko inolako asmorik ez duela erakutsi du.
Bere burua autogobernuaren defendatzailetzat duen Jaurlaritzak 2012ko ordainsari guztiak ordaintzeko inolako alternatibarik ez ikertzea erabat etsigarria da, honek erakusten du dialektika politikoa albo batera utzita erabakiek Madrileko planteamenduekin bat-egiteari erantzuten dietela.
ELAk berresten du bide zuzena Gipuzkoako Foru Aldundiak hasitakoa dela. Bide hau desobedientzia da, eta lehentasuna langileen eskubideei ematen die, politika neoliberalaren aginduen gainetik. Eta estrategia hau hautatzeak konpromisoak ekarri beharko lituzke beste administrazioen aldetik. Espero dugu formula bera Bilduk zuzendutako eta 2012an aparteko ordainsaria ordaindu ez duten instituzio guztietara zabalduko dela.
Azkenik, ELAk dei egiten die zerbitzu publikoetako langileei mobilizatzen jarrai dezaten euskal klase politikoa Gasteizek bere egin dituen Madrilek agindutako politika neoliberalen eta zentralizatzaileen aurka oldartu arte.