Soldata parekatzea, bai. Baina Ertzainenarekin?

Bada, langile publikoen lan-baldintzetan hain ondorio larriak utzi dituen kontu-doitze eta murrizketa garai honetan, soldata aldarrikapenak eta mobilizazioak egitea, zilegitasun osoa izatea ez ezik behar-beharrezkoak ere badira ELA-Ertzaintzarentzat.
Halabaina, horrekin batera esan beharra dago: EAEn eta Nafarroan lanean ari diren Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek Ertzaintzakoenak baino lansari txikiagoak dituztela esatea, erabateko gezurra da. Eta, benetan kezkatzen gaitu behin eta berriz esaten den gezurrezko mezu horrek, ez ote duen bestelako asmoren bat, alderdi politiko batzuen babesarekin eginda gainera. Batez ere kontuan badugu, kanpaina horri babesa ematen dien alderdi politikoek direla, langileriari eta zerbitzu publikoei historian egin zaion arpilatzerik handiena egin dietenak.
ELA-Ertzaintzari orobat harrigarria egiten zaigu, gisa horretako aldarrikapenei alderdi politiko batzuek ematen dioten babesa; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren etengabeko murrizketak eta negoziazio borondaterik eza direla-eta, Eusko Legebiltzarraren aurrean hiru urte daramatzagu protesta-elkartaratzeak egiten, eta alderdi politiko horiek inoiz ez dira gure aldarrikapenei babes ematera hurbildu.
Hala ere, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetakoek benetan euren lansari aldeak berdintzea aldarrikatu nahi baldin badute, hor dituzte Alemania, Ingalaterra eta Frantziako poliziak, adibiderako, erreferentzia onak dira; izan ere, gaur egun, gure kolektiboaren zorigaiztorako, Ertzaintza da EAEn lan egiten duten polizietan soldata eta lan-baldintza kaskarrenak dituen polizia.