SOS DEIAK Larrialdien kudeaketa negargarria

2012/07/12
Azkenaldi honetan SOS-Deiak larrialdi zerbitzuan eman diren aldaketa nabarmenen aurrean, ELA-ertzaintzak Barne Saila egiten ari den kudeaketa salatzen du.

Lehendabizi, abenduan, tasa eta prezio publikoen legea aldatu zen, eta ondorioz, bilaketa, erreskate edo salbamenduak herritarrei kobratzea ahalbidetzen da, egora horretan herritar xehea delarik kaltetuena.

Ondoren, gaur egungo Larrialdiak Kudeatzeko Legeak onartzen ez duen era batetan Larrialdiak Koordinatzeko Guneak itxuragabetu dituzte: alde batetik,  gunea bi alorretan bananduz, bata laguntza eta sorospen deiak hartuko duen zerbitzua osatuz, eta bestea, berriz, larrialdiaren garapenari jarraipena egin eta eskuhartzen duten baliabideen koordinazioa egingo duena. Bestalde,  deiak hartzeko lehenengo alor hori Araba eta Gipuzkoako Guneetatik kendu eta Bizkaian bateratu dira.

Martxoan zerbitzua bi zatitan berezitu eta deien alorra bateratu aurretik Ertzaintzaren LAZLZ-SADAE-ko pertsonala arduratzen zen zeregin guztietaz, nahiz eta horretarako bazuen kontratazio administrazio bidez esleitutako enpresa bateko pertsonalaren laguntza osagarria ere. Epe horretatik aurrera Ertzaintzako pertsonalari deiak hartzea erabat eragotzi zaie, baita une jakin batean deiak hartzeko alorrak gainezka egiten badu ere, jakina.

Gainera, bateraketaren ondorioz, deiak hartzeko alor honetako langileak Bilboraino lanera joatea onartu ez dutenak kaleratuak izan dira.

Ertzaintzako pertsonalari dagokienez, aipatu behar da, azken hiru urte hauetan, zetakeria bidez ezarri zen Euskarri aplikazioa ikasteko baino, beste inolako eguneratze edo formazio ikastaro bat bera ere ez dutela jaso. Bizkaiko gunean behintzat ezta lan bilera edo antzeko instrukzio berririk ere. Erabat alboratuta egon direlarik. Horretaz gain, benetako arrazoirik egon gabe, lurralde batetik bestera mugituz pertsonala erabili izan da errazegi.

Hau dena, larrialdiak artatzerako hartu behar diren erabakiak Herrizaingo Sailak erabat kontrolatzearren ipinitako grin hutsak bultzatuta egin dute, herritarrek, langileek, eta, beste lurralde erakundeek zer eskatzen duten eta nahi duten kontuan izan gabe.

Era berean badakigu, larrialdi zerbitzu batean segundoak ere hil-bizikoak direla eta deiak hartzeko bateraketa erabaki horren ondorioetako bat larrialdiaren aurrean eman behar den erantzuna luzatzea dakar. Horrez gainera, kasu askotan herritarrengandik zerbitzua urruntze horrek zerbitzua ematean bertan kalitate gutxitzea dakar. Eta zer esanik ez egunen batean matxura edo ezbeharren bat gertatuz gero gune bakar horretan herritarrak erantzunik gabe gelditzeak dakarrenaz.

Hau guztiagatik, ELA-tik emaitza kaskarra ematen diogu azken urte honi eta, Herrizaingo Saila ohartarazten dugu larrialdietako kudeaketaren ondorioz herritarren zerbitzuan ematen den emaitza kaskarraren erantzulea Legearen aurka Koordinazio Guneak aldatzeko erabakia hartu dituztenena baino ez dela eta inolaz ere ez erabateko ahaleginean ari den langileriarena.