ELAk salatzen du Nafarroako Gobernuak ez dituela oraindik zentroan-zentroko babes neurrien protokoloak egin, antolakuntza eta ardura zuzendaritza taldeen gain utziz

2020/05/27
Egun gutxi falta direnean, oraindik ez dira ezarri zentro bakoitzak behar dituen giza eta material baliabide guztiak datorren astean itzuliko diren ikasle eta langileen osasuna bermatzeko eta klaseen, azterketen eta frogen kalitatea bermatzeko. Zentroek orain arte jaso dituzten argibideak orokorrak dira eta ez diote zentro bakoitzaren egoera zehatzari erantzuten.

Osasun eta babes protokoloak ezin dira nolanahi zentroen gain utzi, administrazioaren arduragabekeria izugarria izango bailitzateke. Hezkuntza Departamentuko Prebentzio zerbitzuak ikastetxez-ikastetxe diseinatu behar ditu protokolo hauek eta langileen prebentzio delegatuekin adostu. Horretarako ikastetxe bakoitzeko ezaugarriak eta egoera hartu behar dira kontuan (ikasle kopurua, espazioak, langileak, baliabide materialak…). Honez gain, Departamentuko Prebentzio Teknikarien lana ere bada neurriak lantokietan behar bezala ezartzen direla ziurtatzea eta geroko jarraipena egitea. 

Hortaz, ezin da ardura hau zuzendaritza taldeen gain utzi, ez baita haien eskumena eta ondorio legalak egon baitaitezke. Negoziazio prozesu bat ezinbestekoa da, eta tokian-tokiko kontingentzia integraleko planak sindikatuekin adostea, langileen eta ikasleen osasuna eta segurtasuna bermatuko dituena. ELA-ko prebentzio delegatuen bidez laguntza eskaintzen saiatuko gara, jakinik Hezkuntza Departamentuarena dela guztion segurtasun eta osasuna bermatzeko ardura. Izan ere, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua eta joko dugu arazoak sortzen badira.

Bestetik, zuzendaritza taldeen esku uzten du Hezkuntzak aurrez aurreko eta urrutiko hezkuntza-arreta bermatzeko antolaketa egitea eta horretarako behar diren irakasleak zehaztea. Irakasle gehiago beharko balira ere Hezkuntza ez dago prest kontratazio berriak egiteko. Honek suposatzen du irakasleen lan karga handituko dela ezinbestean, hezkuntza kalitatea bermatu gabe. Dagoeneko lan-karga izugarria jasaten ari dira irakasleak eta ezin dituzte ikasle eta irakastordu gehiago hartu bere gain.

 

Hezkuntza Departamentuari berriz ere exijitzen diogu Departamentuari zentroek dituzten irakasle beharrei behingoz erantzutea, bai ordezkapenen bidez baita ikastetxeetara itzulera partzial honetan sortuko diren behar berriak bermatuz. Alerta egoera honetan irakasle gehiago kontratatu beharrean, plantilak murriztu eta dirua aurrezten ari da Hezkuntza, langileak prekarizatuz, ikasleen hezkuntza eskubidea urratuz eta osasuna eta segurtasuna kolokan jarriz.

 

Zentroei bidali diegun mezua:

Hezkuntza Departamentuak aurrikusi zuen ekainaren 1etik aurrera ikastetxeak partzialki irekitzea. ELAren ustez ikastetxeetako jarduerak berrabiarazi aurretik ezinbestekoa da hainbat pauso ematea:

1.- Premiazkoa eta saihestezina da negoziazio prozesu bat abian jartzea, ikastetxe bakoitzerako kontingentzia integraleko plan bat sindikatuekin adosteko, langileen eta ikasleen osasuna eta segurtasuna bermatuko dituena.

Honekin batera doazkizu, ELAren ustez, kontingentzia-plana egiteko jarraitu beharreko ildo nagusiak.

2.- Prebentzio Zerbitzuak in situ egiaztatzea prebentzioko ordezkarien aurrean zentro bakoitzeko planak ezartzen direla, zentroak partzialki irekitzen direnean.

3.- Zenbait irakasle eskola-jarduera presentzialetatik salbuesteko jarraitu beharreko protokoloa ezartzea, bereziki sentikorrak diren irakasleen kasuan eta beren kargura 14 urtetik beherako pertsonak edo bigarren mailarainoko odol-ahaidetasuna edo ezkontza-ahaidetasuna, mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonak ardurapean dituztenen kasuan ere.

4.- Langileen eta ikasleen osasuna eta segurtasuna, eta aurreikusitako eskolen, proben eta azterketen kalitatea bermatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak ezartzea eta ezagutzea. Ezinbestekoa da irakasleen, irakasle ez direnen, Prebentzio Atalerako langileen eta sindikatuetarako prebentzio ordezkarien hornidura handitzea, ikastetxeetara itzulera berme guztiekin eman dadin.

Hau guztia Hezkuntza Departamentuari eskatu diogu behin eta berriz, baina oraingoz Estatuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministeriotik bidalitako maiatzaren 14ko “Prebentzio- eta higiene-neurriak” dokumentua eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuak egokitutako hainbat jarraibide orokor besterik ez ditugu jaso. Horien arabera, zuzendaritza taldeen esku utzi nahi du itzulera seguru eta kalitatezkoaren ardura eta prestaketa lan guztia.

Hau horrela, ikastetxeetako jarduera berrabiarazteko zalantzak edo arazoak baldin badituzue gurekin harremanetan jar zaitezkete. Gure prebentzio delegatuen bidez laguntza eskaintzen saiatuko gara, jakinik Hezkuntza Departamentuarena dela guztion segurtasuna eta osasuna bermatzeko ardura eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutua jo dezakegula arazoak sortzen badira.

 

Hemen Nafarroako Gobernuak bidali dituen neurriak:

- Irakasleentzat

- Langile guztientzat