Prekarietatea, EPEak eta zerrenden kudeaketa

Prekarietatea administrazio publikoan. Hainbat datu:
- Europar Batasunean langileen %20a langile publikoak dira; Hego Euskal Herrian ozta-ozta iristen gara %12ra.
- Nafarroan 15.000 langile daude azpikontratatuta beharrezkoak diren zerbitzu publikoak aurrera eramaten.
- Azken hamarkadan ia 3.000 lanpostu publiko suntsitu dira.
- Behin-behinekotasun tasak eta iruzurrean egindako kontratazioak sektore pribatuan baino handiagoak dira.
- EPE ereduen, gastu-mugaren, zor publikoaren edo politika fiskalaren inguruan gure agintariek adostu dituzten erabakiek ondorio larriak eragiten dituzte enpleguan.
- Irakaskuntza publikoan behin-behinekotasuna %33tik gorakoa da. Prekarietate egoera honek berak dakartzanak: milaka kilometroko joan-etorriak, kontratu partzialak, egonkortasunik eza, dei eta LET/web eskaintzen zain, maiz hurrengo egunean lan egingo ote duten zain...
Egungo egoera ez da kasualitatea. Agintariek, kapitalaren interesei men eginez, negozio esparru berriak bilatzen dituzte zerbitzu publikoetan. Horretarako zerbitzu publikoak okertzen dituzte, langile publiko egonkorren kopurua murriztu eta pribatizazioari bidea ireki, zerbitzu publikoak negozio pribatu bihurtuz edota langile publiko horiek eskulan merkeagoagatik ordezkatuz.
Menpeko eta prekario nahi gaituzte. Gure administrazio ezberdinen egoerari erreparatu besterik ez dago: milaka dira egoera prekarioan dauden langileak, egonkortasunik gabe, bizitza proiektu duina garatzeko aukerarik gabekoak. Soldata eskasa, lanaldi partzialak, aldi-baterako kontratuak edo haien lana baloratua ez izatea.
Baina ez diegu utziko. Horregatik ELAk azken urte luzeetako ildo beretik, egoera hau salatzen jarraituko du eta horretarako besteak beste kanpaina bat martxan jarriko du Nafarroan ere. Behin-behinekotasunak oso ondorio larriak ditu, bai langileon bizi eta lan baldintzetan zein eskaini beharreko zerbitzu publikoetan. Eta ezinbestekoa da hau guztia salatzeaz gain egoera honen arduradunak interpelatzea: gure administrazio publikoetako ordezkariak eta hauek sustengatzen dituzten alderdiak.
Helburua: 3.000 lanpostu berreskuratu eta enplegu publiko eredu berria. Nola lortu?
Ezinbestekoa da agintariek sortu duten egoera larri hau errotik aldatzea eta enplegu publiko eredu berri bat garatzea. Baina bitartean, gure herriko 11.000 langile publikok baina gehiagok bizi duten salbuespen egoera dela-eta, ezinbestekoa da urgentziaz hainbat erabaki hartzea. Horretarako proposamen hauek ditugu:
- Suntsitutako enplegua berreskuratzea eta beharrezkoak diren lanpostu berri guztiak sortzea, zerbitzu publikoen kalitatea bermatzeko beharrezkoak diren giza-baliabideak bermatuz.
- Enplegu Publikoko Eskaintzen deialdi masiboak, suntsitutako lanpostu guztiak deitzeko eta behin-behineko egoeran dauden 11.000 langile horien egoera egonkortzeko.
- Horretarako dauden bide legalak aztertu behar dira, Nafarroan erabakitzeko zein EPE eredu behar dugun.
Bukatzeko, enplegu publiko eredu berriak beharrezko neurriak behar lituzke gaur egun kontratazioan ematen den iruzur sistematiko hau (epaitegiek berretsia) berriz ere ez errepikatzeko.
Zerrenda integratua
EPE eredu berrirako eta kontratazio zerrenden kudeaketarako, zerrenda integratua aldarrikatzen dugu. Hau da berdintasun, gaitasun eta meritu printzipioak bermatzen dituen sistema bakarra. Ezaugarriak:
- EPEa eta kontratazio zerrenda desbinkulatuta
- Kidego, espezialitate eta hizkuntza guztiak integratuta
- Zerrenda beti irekita eta urteroko birbaremazioa
Hemen ELAren txostena zerbitzu publikoen prekarietatari buruz.