Hezkuntza Sailak prekarietatearen alde egiten du Hezkuntza Publikoan eta adarra jotzen die langileei

2014/11/05
Eusko Jaurlaritzak sindikatuoi bizkar emanez Enplegu Publiko Eskaintza deituko duela iragarri du estatuak ezarritako berritze tasari men eginez. Erabaki honek Hezkuntza Publikoan behin-behinekotasun maila onartezina areagotzen du eta prekarietatearen alde egiten du.

Orain ia hilabete komunikabideen bitartez jakin ondoren, gaur eman digu ofizialki Eusko Jaurlaritzak Enplegu Publiko Eskaintza (EPE) deialdiaren berri. Jaurlaritzak argi utzi du Espainiar Estatuak ezarritako irizpideen menpe jarri dela, Madrilek ezartzen dituen berritze-tasak bere osotasunean betez. Horren baitan EPEra 275 plaza aterako dituela iragarri du. Deialdia Irakasle Funtzionarioen kolektibora eta honen barruan Maisu-maistren kidegora mugatuko dela adierazi dute eta azterketa 2015eko udan burutuko dela.

ELArentzat onartezina da sindikatuok deialdiaren lehen berria komunikabideen bitartez izatea eta langileen ordezkariok inola ere kontutan ez hartzea deialdira atera beharreko plazak adosteko, deialdiaren baldintzak eztabaidatzeko eta hezkuntza publikoan urte luzetan sufritzen dugun behin-behinekotasun eta prekarietateari aurre egiteko neurriak hartzeko.

Sindikatu honentzat guztiz premiazkoa da Hezkuntza Publikoaren sektore ezberdinetan (Irakasle Funtzionarioetan, Heziketa Berezian, Zerbitzuetan) pairatzen ari garen behin-behinekotasun, egonkortasun falta eta prekarietateari konponbidea jartzea, baina Hezkuntza Sailaren erabakiak eta ezarri dituen baldintzek inola ere ez die erantzuten Hezkuntza Publikoaren behar oinarrizkoenei.

Eusko Jaurlaritzak espainiar estatuak ezarritako berritze tasei men egingo die, hau da, 2013an %10eko berritze tasa ezarriko du eta 2015ean %50a. Honen baitan 275 plaza besterik ez ditu aterako lehiaketa publikora.

Kontutan izan behar dugu 2009an Mahai Orokorrean behin-behinekotasuna eta prekarietatea %8ra mugatzeko asmoz adostu ziren 5.100 plazetatik 3.044 oraindik ere ateratzeke daudela. Horri gehitu behar zaizkie 2013tik 2015era bitarte erretiratuko diren 1.500 langiletik gora. %30 inguruan kokatzen den behin-behinekotasun eta prekarietateari aurre egiteko guztira 4.500 plazatik gora atera beharko lirateke lehiaketa publikora eta Hezkuntza Sailak lanpostuei eta hezkuntza sistemari egonkortasuna emateko beharrezko liratekeen lanpostu horien apenas %6 deituz erantzuten dio. Hau da, egonkortasun eza eta prekarietatearen aldeko apustu garbia hezkuntza sistema publikoan.

Hau honela, Hezkuntza Sailak lan-baldintzak onak bermatu eta enplegua egonkortzeko neurria dela dioenean eta posible dituen plaza guztiak ateratzen dituela dioenean propaganda ariketa bat besterik ez duela egiten salatzen du sindikatuak. Gobernuak argi uzten du nahiago duela estatuak ezarritako mugei eta Zerbitzu Publikoak suntsitzeko neurriei men egitea euskal jendartea eta hezkuntza komunitatearen behar eta nahiei kasu egitea baino, eta neurri honekin behin-behinekotasunaren eta prekarietatearen aldeko apustu garbia egiten duela Hezkuntza Publikoan.

ELArentzat Uriarte Sailburuaren proposamen hau guztiz onartezina da. Hain garrantzitsua eta gure etorkizunari begira estrategikoa den sektorea prekarietatera kondenatzen du eta adarra jotzen die beraien lanpostuak egonkortu gabe dituzten eta urte askotan inolako egonkortasunik gabe alde batetik bestera ibiltzera beharturik dauden milaka ordezko langileentzat.

Honen harira, kontutan hartu behar dugu, behin-behinekotasun honetaz baliatuz eta azken urteetako murrizketen baitan, modu berezian gelako ikasle kopurua handituz, Eusko Jaurlaritzak 1.800 lanpostu inguru suntsitu dituela.

ELAk Hezkuntza Sailburuari eskatzen dio Hezkuntza Publikoaren benetako beharrei aurre egiteko baliabide eta bitartekoak jar ditzala, behin-behinekotasunari eta prekarietateari aurre egiteko neurriak har ditzala eta egoera okertu besterik egiten ez duten propaganda neurriak alde batera utz ditzala.