EPE deialdia dela eta Euskal Eskola Kontseiluan egindako ekarpenak

2018/01/31
Euskadiko Eskola Kontseiluari ELA sindikatuak ondorengo ekarpenak egin nahi dizkio EAEko Lanbide Heziketaren eta Bigarren Hezkuntzaren kidegoetan sartzeko hautatze-prozedurak deitzen dituen agindu proiektuari, Euskadiko Eskola kontseiluaren batzorde Iraunkorrak kontuan izan ditzan irizpenak egiterakoan.

Hona hemen ELA sindikatuaren ekarpenak:

Lehenengoa.- Gaur egun, EAEko irakasleen artean daukagun behin behinekotasun maila eskandalu bat da; %38ko behin behinekotasun maila daukagu, ia 25.900 irakasletatik ia 9.800 behin behinekoak direlarik. Gainera behin behineko irakasle hauetako asko urte luzez behin behineko egoeran lan egitera behartuak izan dira, urte luzeko behin behineko langile bihurtu direlarik beraien egoera egonkortzeko aukerarik izan gabe. Eusko Jaurlaritzak behin behinekotasunean oinarritutako enplegu eredu baten aldeko apustu garbi bat egin du urte askotan, EPE deialdi eskasak deituz lanpostu kopuru aldetik.

Bigarrengoa.- ELAren aburuz, erabat beharrezkoa da beste enplegu eredu bat abian jartzea, plantilen egonkortasunean oinarrituko dena. Horretarako ezinbestekoa deritzogu, behin behinekotasuna %6ra jaitsiko duten EPE deialdi masiboekin batera, hainbeste urteetan behin behinekotasunera kondenatuak izan diren langileei beraien lanpostuak kontsolidatzeko egonkortze plan bereziak aurrera eramateko neurriak hartzea. Baita behin behinekotasuna behin %6ra jaitsita, behin behinekotasun maila hori mantenduko dela bermatuko duten neurri eta mekanismoak ezartzea ere.

Hirugarrena.- Deialdi honetan deituko den lanpostu kopurua erabat eskasa da, dealdiko oinarriek jasotzen duten prozedurak ez du bermatzen ez behin behinekotasuna %6ra jaistea, ez eta hainbat urteetan behin behineko moduan aritzera behartuak izan diren hainbat langileren egonkortze prozesurik ere. Hau horrela, deialdi honen deitzaile izango den Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, behin behinekotasuna aipatu terminoetan jaisteko eskaera eta beharra luzatzea eskatzen du ELA sindikatuak.

Laugarrena.- Masterraren eskakizunari dagokionez, une honetan hautagai askori deialdi honetan parte hartzeko aukera ekiditen dion heinean, ELAk eskakizun hori bertan behera uztea eskatzen du deialdi honetara begira.