Hezkuntza Ituna 2018-22, aukera galdua

2019/02/22

Nafarroan 2019ko abuztuaren 24ean sinatu zuten (LAB, STEILAS, AFAPNA, CCOO, ANPE eta UGT-k) hezkuntza-itunak ez ditu osotara lehengoratuko azken urteotako murrizketak, eta ez die erantzuten egungo hezkuntza publikoaren beharrei. Halaber, negoziaketan ez da negoziazio kolektiboaren eskubidea bermatu.

Azken urteotan eta krisiaren aitzakiaz, gobernuek oso murrizketa gogorrak ezarri dituzte zerbitzu publikoetan orokorrean, eta hezkuntza publikoan zehazki. Hortaz, zerbitzu publikoak deskapitalizatzen ari dira eta, aldi berean, guk sorturiko aberastasunaren zati gero eta handiagoa zorra ordaintzera bideratzen da. Erabaki politikoa da, ekonomiaren eta aurrekontuen politika jakin batzuei eusteko dena, eta azken batean kapitalaren interesak gizarte-interesen aurretik lehenesteko asmoz hartu dena. Nafarroako Gobernu berriak politika hauei segida ematen die.

Nafarroan Europako azken postuetan gaude hezkuntzan inbertitzeari dagokionez (ikusi Inbertsioa Hezkuntza atala).

Hezkuntza itunaren negoziazio eta mobilizazioekin (hezkuntza publikoko 9 sindikatuok bultzatu genituenak Departamentuak negoziazioak bere kabuz bukatutzat jo zituenean), Gobernua behartu genuen egungo egoera hobetzen duten neurri batzuk hartzera. Dena den, neurri hauek partzialki besterik ez dituzte lehengoratzen urteetan zehar ezarritako murrizketak. Baina orokorrean itunak ez die erantzuten hezkuntza publikoaren arazo larriei, ezta langileen eskakizunei ere, alde batera utzi baititu hezkuntza publikoko 9 sindikatuok helburu genituen gai nagusi batzuk eta ELArentzat funtsezkoak diren beste gai batzuk:

  • Irakastorduen murrizketa Haur eta Lehen Hezkuntzan. 2018-2019 ikasturtean 19,5 ordu emango dira (50 minutuko 23,4 saio), 2007-2011 itunean jasotzen zena baina ordu bat gehiago.

Murriztutako ordu guztiak ordezkatzeko 300 langiletik gora beharko lirateke, Departamentuak soilik 136 kontratatu ditu. Ondorioz laguntza eta bikoizketak galduko dira, aniztasunaren arretarako hain baliagarriak diren baliabide hauez ikastetxeak hustuz.

  • Irakastorduen murrizketa gainerako kidegoetan, 2019-2020 ikasturtean. Negoziazioak 2017ko martxoan hasi ziren. Ez da 2018-19an neurria ezartzeko borondate politikorik egon. Gainera 2007-2011 itunean jasotzen zena baino irakastordu bat gehiago izango dute irakasleek.
  • Ikasle-gela ratio txikiagoak. Krisi aurreko ratio maximo altuak mantentzen dira. Bestetik, krisia hasi aurreko ratioak  mantenduko balira ia 400 irakasle gehiago beharko lirateke Nafarroan.
  • Irakasleen ordezkapenak, 2018-2019 ikasturterako. Ordezkapen irizpideak ez dira zehazten, mahai tekniko batean berraztertuko dira. Honek tresnarik gabe uzten gaitu Gobernua berehalako ordezkapenak egitera behartzeko.
  • Plantillen egonkortasuna. Behin-behinekotasuna % 33koa izanik, egungo EPE sistemak ez digu Departamentuak helburu duen % 8ra hurbiltzeko aukerarik ematen, gutxiago ELAk aldarrikatzen duen %6ra hurbiltzekoa.

Nafarroako Gobernuak bere hezkuntza konpetentziak defendatu beharko lituzke bere negoziazio mahaietan erabakitzeko zenbat plaza eta zein oposaketa eredu behar duen.

  • Eroste-ahalmena. Azken urteetan izan dugun % 15eko galeraren ondoren, soldata-baldintzak berreskuratzeko epeak ezarri beharko lirateke.

 

ELAren iritziz, gainerako sindikatuek itun hori sinatu izana eta murrizketak lehengoratzeko beharrezko mobilizazioa bultzatzeari utzi izana, hasierako eskakizunetara hurbiltzeko aukerari uko egitea izan da. Sindikatuak Gobernua bultzatu behar du langileen antolakuntza eta mobilizazioarekin murrizketa politiken eta zerbitzu publikoen deskapitalizazioaren kontrako aldaketa erreal baterantz. Are argiago, itunean sarturiko hobekuntzak 9 sindikatuok bultzaturiko mobilizazioen ondorioz sartu direla ikustean, eta kontseilariari behin baino gehiagotan murrizketak itunarekin edo itunik gabe lehengoratuko dituela entzun eta gero.

Horregatik guztiagatik, ELAk erantzukizunez jokatzeko eskatzen dio Gobernuari, inbertsio nahikoa mahai gainean jartzeko eta kalitateko hezkuntza publikoaren aldeko borondate politikoa eta konpromisoa behingoz agertzeko.