Irakaskuntza eta sindikalgintza inklusiboak. Aniztasunak indartzen gaitu.

2019/02/19
Sindikalismoa, zeozer bada, inklusioa da. Inor ez baztertzea eta pertsona langile guztien lan-eskubideen alde egitea.

Pertsona garen aldetik, lana izateko eskubidea dugu. Areago, lan duin bat izateko eskubidea dugu, lan bat aukera emango diguna bizitza-proiektu bat eraikitzeko, gizarte bidezkoago baterantz aurrerapausoak emateko, gizarte bat non pertsona guztiek herritar aske izateko aukera izango duten, integratzeko eta pertsona gisa hazteko egiazko aukerekin. Kontrabotere eraginkorra eta arduratsua egingo badugu eta gizartean, ekonomian eta politikan eragitea lortuko badugu, dibertsitatea oinarritzat hartuta egin behar dugu lan. Ez dago errealitate homogeneorik; areago, errealitateak askotarikoak dira. Pertsona hainbat errealitate daude, eta errealitateak partekatuak diren heinean, anitzak, pluralak eta aldakorrak dira. Dibertsitatean oinarrituta besteekin partekatzea, horixe da funtsean: elkar aberastea, indartzea eta aukera berrietara ateak zabaltzea.

ELA klase-sindikatua da eta langile guztientzat ari da lanean, edozein dela ere langileen jatorria, egoera ekonomikoa, generoa, gaitasuna, adina, itxura edo lanbidea. Garrantzitsuena da garen horretatik abiatuta eskubide berberak eta aukera berberak izatea eta, orobat, pertsona guztientzat eskubide eta aukera horiek sorrarazteko betebeharra ere izatea.

Ezinbestean, geure egiten ditugu gizarte eta hezkuntza arloko hainbat ekimen, eta babestu egiten ditugu gizarte bidezko, eko-iraunkor, feminista eta solidarioa eraikitzeko xedea duten guztiak, gizarte horretan pertsona askeak bete-betean bizi daitezen.

Feministak garela esaten dugu, bai. Argi dago gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzea dela batzen gaituen lokarri nagusietakoa: berdintasun formala ez ezik egiazko berdintasuna; aukera-berdintasuna eta lan arloko aitortza; aitortza sozialaren aldetik ere berdintasuna; erabakitzeko eta antolatzeko aukera berdintasuna; eskubide eta betebeharren aldetik nahiz familia-aitortzaren aldetik berdintasuna; ASKATASUN berdintasuna, erabakitzen dugun moduan bizi ahal izateko. Horregatik guztiagatik, eta kalera jotzeko aski arrazoi daudela uste dugulako, ELAk bat egiten du martxoaren 8ko greba feministarekin.

Nahiz eta kritikoak izan zer-nola ezartzen ari den, bat egiten dugu Skolae helburuekin, programaren xede nagusia ikasleek berdintasunean bizitzeko konpetentzia globala eskuratzea baita, beren bizitza-proiektua eraikitzeko eta bizitzeko aukera emango dieten konpetentziak pixkanaka eskuratuz, eta genero-baldintzarik gabe beren etorkizunari buruz askatasunez, ezagutzaz eta ahalmenez erabakitzeko aukera oinarritzat hartuz. Hori bati eragile ekonomikoek ere helburu horiek bere egitea eskatzen dugu. Hezkuntza Saila ari da zenbait gidalerro argi ezartzen, eta gisa berean Ekonomiaren Garapenerako Sailari ere ausarta izateko eskatzen diogu, eta ezar ditzala behingoz berdintasun arloan enpresek nahitaez bete beharreko zenbait helburu, batez ere funts publikoen onura eskuratzen duten enpresek.

Hezkuntza Saileko zenbait zerbitzu ahalegina egiten ari da ikasle guztien inklusiorako metodologiak bultzatzeko, eta ELAk bat egiten du ahalegin horrekin. Aipatzekoak dira, adibidez, Ikaskuntza Komunitateak: desberdintasuna nola bizi erakusteko, ongizaterako eremuak sortzeko eta eredu arrakastatsu bat eskaintzeko paradigma dira komunitate horiek. Hainbat adibide eman genitzake, baina azken batean, ikastetxe bakoitzean irakasle bakoitzak ikasle bakoitzarengana iristeko egiten duen ahalegina, horixe da konfiantza ematen diguna, elkarrekin lan eginda eraldaketa-prozesu sakonak lor ditzakegula sinesteko.

Kanpora begiratzea bezain garrantzitsua da barnera begiratzea ere. Begirada inklusiboan, eta kolektibo moduan, arreta jarri behar diogu errealitate aldakorrari eta baita gure antolaketa-ereduari berari ere. Autokritika egin behar dugu, gure eginbeharra da. Hasierako planteamenduak koherenteak dira bizi nahi dugun errealitatearekin; hori dela eta, ELAren eredua hainbat lanbide-federaziotan oinarriturik dago, eta horien artean daude Gizalan (ELA Irakaskuntza hartzen duen federazioa), Industria, zerbitzuak eta eraikuntza. Nolanahi ere, pertsona guztiak integratu daitezke, edozein dela ere haien lanbidea. ELAren lan-esparruen artean hor dira ingurumena, genero-politikak, immigrazioa... Hala, batzuetan, aldaketak berez gertatzen dira: esate baterako, ELAn afiliatutako atzerritarren portzentajea Euskal Herriko gizartean dagoen atzerritarren protzentajearen parekoa da. Beste aldaketa batzuk gertatzeko, ordea, berariaz heldu behar diegu dauden desorekei eta modu bateratuan egin behar dugu lan, helburu zehatzak eta neurgarriak ezarriz. Hori dela eta, ELAn, 90. hamarkadaren geroztik belaunaldi eta genero aldetik errelebo-prozesu batean gaude. Errelebo horrek koherentzia behar bati erantzuten dio eta alderdi kuantitatiboak (afiliatuen nahiz delegatuen kopurua eta abar) nahiz kualitatiboak (erabakitzeko eremu guztiei eta antolaketa-ereduari berari eragiten diotenak) barne-biltzen ditu.

Begirada ireki eta librearekin gero eta indartsuagoak gara batzen gaituzten alderdietan aurrera egiteko. Arrakastetan bertan goxo egin gabe eta are gutxiago porrotekin etsi gabe, egunez egun lan egiten dugu gizarte hobe bat lortzearen alde.

 

ESKERRIK ASKO ELAKIDE; ZUREKIN GOAZ