HAURRESKOLAK PARTZUERGOA

ELAk behin-behineko 77 langile finko egitera behartzeko eskatu du Legebiltzarrean

2024/11/25
Haurreskola Partzuergoko aldi baterako langileen ordezkaritza batek agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, Hezkuntza Batzordearen aurrean, Eusko Jaurlaritzari eta Partzuergoari eskatzeko 77 plaza finka ditzatela eta prozesuak zabal ditzatela behin-behinekotasuna %8ra murrizteko. Legebiltzarkideei eskatu diete Eusko Jaurlaritzari exijitu diezaiotela epaitegiek egonkortzeari buruz emandako epaia bete dezala.

Izan ere, Partzuergoak kontsolidazio prozesurako 264 hezitzaile lanpostu eskeini zituen. Baina martxoan EAEko Auzitegi Nagusiko sententzia batek Partzuergoa eta Hezkuntza Saila derrigortu zituen 77 hezitzaile lanpostu gehiago eskaintzera, %30 gehiago. Ebazpen hori ELAk aurkeztutako demanda bati esker heldu zen. Baina Auzitegi Nagusiaren sententzia bete beharrean, hura errekurritu eta Auzitegi Gorenera jotzeko erabakia hartu zuten. Erabaki horrek sententzia ez aplikatzea eta auzia zenbait urtez luzatzea ekar dezake.

Eusko Jaurlaritzaren erabaki horrek baieztatzen du borondate gutxi duela behin-behinekotasunaren arazoari konponbidea emateko. ELAk salatu duenez, Eusko Jaurlaritzako esparru nagusienetan,  hezkuntza publikoan, Osakidetzan, administrazio orokorrean eta justicia administrazioan martxan dauden egonkortze prozesuak amaitzerakoan behin-behinekotasunak %30etik gorakoa izaten jaraituko duela. Europak agindutako %8tik oso urrun, beraz.

ELAk argi du behin-behinekotasun erreala %8ra jaitsi arte kontsolidazio prozesuen bidez borrokan jarraituko duela. Bai epaitegietan, bai kaleetan, bai negoziazio mahaietan ere. Hau izan da urrian, abenduan eta martxoan sektore publikoan deitutako greben aldarrikapen nagusienetako bat.