HEZIKETA BEREZIA
ELAk elkarretaratzea egin du Hezkuntza Sailaren azken proposamenaren aurka
2024/10/29

Urriaren 29an Lan Legepeko eta Heziketa Bereziko mahai negoziatzailea bildu da; ELAk elkarretaratzea egin du Gasteizen Hezkuntza Sailaren azken proposamenaren aurka. Izan ere, ez ditu aurreko kurtsoko lau greba egunen aldarrikapen gehienak jasotzen, zehaztapen falta dago, etorkizuneko negoziazioetara bideratzen dira gai asko, eta, gainera, atzerapausoak jasotzen ditu atal batzuetan. Gauzak horrela, ELAk ez ditu eduki hauek babestuko 20 urte hitzarmenik egon gabe egon ondoren.
Lan Legepeko eta Heziketa Bereziko sektorearen egoera larria da. Besteak beste, langileek %20tik gorako eros ahalmenaren galera pairatzen dute; behar bereziak dituzten ikasleak diagnostikatzeko irizpideak gero eta zorrotzagoak dira, sektorean behin behin-behinekotasuna oso altua da, arlo edukatiboa funtzioetan onartu gabe jarraitzen dute eta lan osasunaren prebentzio eskasa da.
Hezkuntza Sailaren azken proposamenak gabeziak dira:
- Eros-ahalmena ez da berreskuratuko. KPIaren erreferentzia eta bermea duen soldata igoerarik ez da aurreikusten kolektibo guztientzat. Hala, HLE, ZHI eta Transkribatzaileentzako jasotzen da soldata igoera bat. Igoera honen erreferentzia ez da mahaian erabaki eta bere aplikazio praktikoa 2026an osatuko da.
- Behin-behinekotasun erreala kontsolidazio bidez %8ra jaisteko formularik ez da zehazten. Lanpostuak mantentzeko konpromisoa eta behin behinekotasunetik %5era jaistea aipatzen diren arren, ez da adierazpen huts hau lotesle izateko neurririk adostu nahi izan.
- Oporrak 45 egunetik 22ra murriztuko dira. Lanaldiaren azalpena ez da batere argia eta uztailean zer gertatuko den ez dago argi. Horretaz gain, eskola jantokia erabiltzeko aukera baldintzatuko dute. Gaueko irteerak jada ez dira borondatezkoak izango.
- Lanaren antolakuntza eta lan karga egokiak bermatzeko neurriak ez dira jasotzen. Etorkizuneko negoziaketetarako uzten dira. Hau da plantilak esleitzeko irizpideen kasua, jardun erdiko lanpostuak oso bihurtzeko planaren kasua, adinagatiko murrizketen kasua, edota ikastetxe edo berritzegune/ikastetxe atxikipen irizpideen kasua. Errelebo kontratuak gure negoziazio esparrutik ateratzen da.
- Ordezkoen baldintzak hobetzeko neurri eraginkorrik ez dago. 165 lan egiteagatik jasotzen den konpentsazioa eta puntuazioa oso eskasak dira. Lanpostuak kontsolidatu beharrean ekoizpen kontratuak luzatzeko aukera izango du sailak, eta ordezkoen araudiaren hobekuntza etorkizuneko negoziazio baterako uzten da.
- Hitzarmenaren gai dezente oso anbiguoak dira edota etorkizunean negoziatzeko uzten dira horrek duen larritasunarekin (lanaldia, lan osasuna, adinagatiko ordu murrizketak, ordezkapen araudia, euskalduntzea...) eta beste askotan aurrerantzean negoziatzeko asmoak bakarrik adierazten dira.
Mahaian ez da akordiorik egon ez delako gehiengorik egon hitzarmen berria sinatzeko. ELAk edukiak eskatzen ditu hitzarmen berri bat sinatzeko.