HEZKUNTZA PUBLIKOA EAE

ELAk lehendakariari esan dio baliabide gehiagorik gabe ezinezkoa dela akordioa

2025/04/14
ELAk Pradalesen inkoherentzia azpimarratu du; sektore batzuetan baliabideak bideratzen dituen bitartean, irakasleak eta greba erasotzen ditu

ELAk Imanol Pradales lehendakariaren eta bere Gobernuaren beste pertsona batzuen azken hitzaldiei erantzun die; izan ere, Hezkuntza Publikoko lan-gatazkaren erantzule irakasleak direla diote, baina lan-baldintzak hobetu eta baliabide publiko gehiago inbertitu ezean, Hezkuntza Publikoaren erronkak aurre egiterik ez dago.

Alabaina, grebetan, ELA eta hezkuntza publikoko milaka irakasle salatzen ari direna da ikasle migratuen harrera, euskalduntzea, osasun mentalaren bermatzea, segregazioari edo pantailen arazoari aurre egitea ez dela posible denbora, baliabide, formakuntza eta inbertsio zein planifikazio egokirik gabe.

Lehendakariaren inkoherentzia eta manipulazioa agerian geratu da, beste sektore publiko batzuetan lan-baldintzak – soldata-hobekuntzak barne – eta baliabideak hobetzeko arazorik ez duen bitartean, irakasleen kasuan kolektibo horri eta grebarako eskubideari erasotzen ditu etengabe.

Gainera, lehendakariak negoziazio mahaietan esertzeko eskatu dio ELAri, "herriarentzat ona izango litzatekeelako". Lehendakariak jakin behar du ELAk negoziazio kolektiboko mahai guztietan parte hartzen duela, eta urtearen buruan hitzarmen eta akordio gehien sinatzen dituen sindikatua dela. Hala ere, lehendakariak badaki ELAk ez duela parte hartzen inongo gobernuren estrategia propagandistetan, ez eta eduki edo konpromiso zehatzik ez duten foroetan ere, Osasun Mahaian frogatu den bezala, adibidez.

Zehazki, Hezkuntza Publikoaren grebetako aldarrikapenak dira ratio eta baliabide sorrera eta hobekuntza; hezkuntza talde egonkorrak bermatzeko behin behinekotasun maila erreala %8 baino txikiagoa izatea; burokrazia lanak eta irakas orduak irakas lanen eta ikasleen jarraipenerako lanen mesedetan murriztea; edota plantilak gazteberritzea, besteak beste. Honi gehitzen zaio azken hamarkada luzean galdutako eros-ahalmena berreskuratzen joateko eskaera. Gogoratu behar baitugu azken 15 urtetan %20tik gorako eros-ahalmenaren galera metatu dutela irakasleek.