ARRISKU PSIKOSOZIALAK
ELAk Hezkuntza Saila salatu du Lan Ikuskaritzan, lan osasuneko legea ez duelako betetzen

Eusko Jaurlaritzak, arazoa konpondu beharrean, Lan Osasunaren Legea urratzen du: eskola publiko gehienetan ez dira arrisku psikosozialen ebaluazioak egin, eta ia ez da baliabiderik bideratzen prebentzio zerbitzura. Egoera larria da, azken urteotan asko handitu baitira laneko osasun psikosozialari eta mentalari lotutako estresa, antsietatea eta arazoak. Ondorioz, bajak gero eta ugariagoak eta sistematikoagoak dira.
ELAk lehen aldiz apirilean eta bigarren aldiz irailean eskatu zion Hezkuntza Sailari EAEko eskola publikoetako arrisku psikosozialen analisiei buruzko informazioa. Zehazki, ebaluazioa duten eta ez duten eskolen zerrendak, eta, ebaluazioa dutenen kasuan, horien emaitzak. Gaur gaurkoz, Hezkuntza Sailak ez du eskaerei erantzun.
Bestalde, ELAk eskaera zuzenena egin die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 30 eskola publikoetako zuzendaritzei zein Hezkuntza Sailari, jakiteko arrisku psikosozialen azterketa egina dagoen eta egina egonez gero, azterketa helarazteko. Jaso dituen erantzunetatik ondorengoa ondorioztatu du sindikatuak:
- 30 eskoletatik 4tan bakarrik pasa digute azterketa egina
- 4 horiek zaharkituta daude, 2016, 2017 eta 2020koak direlako (pandemia aurrekoak)
- Metodologia zaharkituta erabili dute
- Prebentzio delegatu edota langileen ordezkaritzaren parte hartzerik gabe egin dira
- Jasotzen dituzten neurri zuzentzaileak oso eskasak dira (esaterako kirola egitea edo dieta Meditarrenoa jarraitzea bezalako neurriak proposatzen dira lana modu egokian egiteko denboraren kontrolik ez duten langileen kasurako)
- Neurri zuzentzaile berdintsuak jasotzen dira eskola hauentzat denentzat eskolako arazoak desberdinak izan arren (esaterako haur eta lehen hezkuntzako eskola baten, eta bigarren hezkuntzako eskola baten kasurako proposatutako neurriak berdinak dira)
- Proposatutako neurriak indibidualak dira eta langileengan jartzen dute konponbidearen karga guztia
- Jasotako neurrien inguruko jarraipenik ez da egin, gainera
- Eskola batzuen kasuan Hezkuntza Sailak erantzun du prebentzio zerbitzuak datozen urteetarako planifikazioetan txertatuko duela azterketak egiteko zeregina