Hezkuntzako Prebentzio Zerbitzua
Eusko Jaurlaritzak 600 eskola publiko eta 27.000 langile artatzeko 14 teknikari soilik ditu
Lan osasuna arazo larria bilakatu da EAEko hezkuntza publikoan. Osasun psikosozial eta mentalari lotutako gaixotasun bajak asko handitu dira, hala nola, antsietatea zein estresa, eta lanaren antolakuntza desegokia eta burokratizazioa daude irakasle eta hezitzaileen kezka nagusien artean.
Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez dio arazoari heltzen. Arrisku psikosozialak sortzen dituzten arrazoien inguruko azterketak egin eta neurri eraginkorrak ezarri ordez, lan osasunaren legea urratzen du. Izan ere, EAEko eskola publiko gehienetan arrisku psikosozialen azterketak egiteke ditu, eta egindako apurrak zaharkituak daude eta ez dute neurri egokirik ezartzen, ezta jarraipenik izan ere.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ahaztuta du hezkuntzako prebentzio zerbitzu propioa. Zerbitzu buruaz gain, 13 teknikari lanpostu soilik daude 600 eskola publikori arreta emateko: hiru koordinatzailetatik teknikari koordinatzaile bakarra dago arrisku psikosozialen esparrua koordinatzeko, eta bi teknikari lanpostu daude Araba osorako, beste 3 soilik Gipuzkoarako (1 Eibarren kokatua) eta 5 Bizkaia osorako.
Gainera, lanpostu horietako asko hutsik izan dira maiz, eta batzuk urteetan zehar behin-behineko beharra balira bezala bete dira. Hezkuntzako irakasleekin bete dituzte administrazio orokorreko lanpostuak sortu gabe; eta orain langile horiek ez dute lanpostua egonkortzeko aukerarik prozesu horien deialdiak itxi ondoren sortu direlako Administrazio orokorreko lanpostu gisa. Gainera, lanpostu horietako batzuk euskarazko hizkuntza eskakizuna betetzeko derrigortasun datarik gabe eskaini dira lan poltsetan, zerbitzutik artatu beharreko hezkuntza publikoko langileen %95 euskalduna den arren.
ELAk hezkuntzako langileen arrisku psikosozialen azterketak egiteko eta lan osasun fisiko eta mentala bermatzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Hori bermatzeko, Eusko Jaurlaritzako Prebentzio zerbitzu propioa eta euskalduna indartu behar da. Horretarako ezinbestekoa da urteetan zehar prebentzio zerbitzuan lanean aritu diren teknikariak egonkortzea. Baita teknikari kopurua handitzea ere, zerbitzuak modu egokian funtzionatzeko. Zehazki, ELAk ikasturte honetan gutxienez teknikari lanpostu bikoitza sortzea eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari: 3 gehiago EAEko lurralde bakoitzerako, 2 gehiago arrisku psikosozialen lanketarako eta 2 gehiago gainerako esparruen koordinaziorako, guztiak hizkuntz eskakizunarekin.