HEZKUNTZA PUBLIKOKO IRAKASLEAK (EAE)
Hezkuntza Sailak berriro eten du negoziazio mahaia

EAEko hezkuntza publikoko irakasleen lan baldintzak arautzen dituen azken akordio arautzailea/hitzarmena 2010ekoa da. Beraz, 14 urte daramatza eguneratu gabe, nagusiki Hezkuntza Sailen negoziaketarako borondate faltagatik.
Ikasturte honetan irakasleek lau greba egun egi dituzte, hezkuntza publikokoak zein zerbitzu publikokoak. Eta ikasturte honetan lau mahai negoziatzaile egin dira; guztietan Hezkuntza Sailak entzungor egin die irakasleak grebetara eraman dituzten eskaerei.
Gainera, maiatzaren 23rako aurreikusitatako bilera bertan behera utzi zuen Sailak. Eta biharko, ekainaren 6rako, deitutako negoziazio mahaia ere bertan behera utzi du gaur. Era berean, gaurko bilerara begira, Hezkuntzak inolako negoziaketarako aukerarik eskaintzen ez zuen proposamena aurkeztu zien sindikatuei, hau da, aldaketarik onartzen ez zuen testu itxia luzatu zien sindikatuei, nahi zuenak sina zezan, nahi zuenak ez. Baina, inolako azalpenik gabe bertan behera utzi du bilera ekainaren 13ra atzeratuz.
ELAk salatu du Hezkuntza saila gardentasunik eta seriotasunik gabe jokatzen ari dela negoziaio mahaian, eta ez dituela hitzarmena berritzeko edukirik mahai gainean jartzen.
Ikasturte honetako grebetako aldarrikapen nagusienak honako hauek izan dira: enplegua eta soldatak hemen erabaki ahal izateko Madriletik inposatutako oztopoak gainditzea eta 2010etik eguneratu gabe dagoen irakasleen hitzarmena eguneratzeko negoziatzea, ondorengo edukiak bermatuz: enplegua sortu eta kontsolidatzea behin-behinekotasuna %8raino txikituz; %10eko soldata igoera aplikatzea 2024an eta aurreko zorra aitortzea; lan kargak arintzeko ratioak murriztea eta lanaldia berrantolatzea eskola orduak murriztuz prestaketa orduen mesedetan; erretiro neurri eraginkorrak; ordezkoen lan baldintzak hobetzea eta euskalduntze zein berdintasunean plangintza eta neurri eraginkorrak.