IKASTOLAK

Lan baldintzen hobekuntza eskatzeko elkarretaratzea

2023/11/28
ELAko Ikastoletako ordezkariek elkarretaratzea egin dute Lan Hitzarmenaren negoziaketan lan baldintzak hobetu daitezen eskatzeko. Hezkuntza Legearen testuinguruan Eusko Jaurlaritzak eta LABek sinatutako akordioa gainditu eta erosahalmena berreskuratzeko, lanpostuak bermatzeko eta lan kargak arintzeko edukiak borrokatzeko deia egin dio sindikatuak LABi.

ELA eta LAB sindikatuek dute ordezkaritza Ikastoletako negoziazio mahaian, eta 2021ean iraungi zen hitzarmena. LABek sinatu zuen hitzarmen hura, ELAk ez. Arrazoiak honako hauek izan ziren: hitzarmenak ez zuen Ikastoletako langileen erosteko ahalmena bermatzen, ezta erretiro partziala hartzeko eskubiderik ere, eta ez zuen jasotzen enplegua bermatzeko prozedura gardenik eta lan kargak arintzeko neurri eraginkorrik.

Hitzarmena iraungita denez, ELAk mobilizazioen eta greben alde egiteko beharra ikusten du, Gizarte Ekimenean eta Hezkuntza Publikoan egiten ari den moduan, aldarrikapen nagusi horiek guztiak jasoko dituen Lan hitzarmenaren alde. Izan ere, negoziazio mahaia zabalik izan arren, patronalek ez dute proposamenik egin. LABi helarazi dio bere ikuspuntua.

ELAren ustez, Ikastoletan greba dinamika abian ez izateko arrazoia Eusko Jaurlaritzak eta LABek hezkuntzako langileen lan baldintzen inguruan, Hezkuntza Legearen testuinguruan ekainean sinatu zuen akordioan datza. ELAk uste du akordioko edukiak eskasak direla Ikastoletako langileentzat. Alde batetik, jasotzen den neurri bakarra delako ikastoletako langileen soldata langile publikoenekin homologatzea (gainerako lan baldintzen inguruan ez da deus aipatzen). Eta bestetik, neurri horrek suposatuko duelako KPIaren azpiko igoerak aplikatzea eta erosteko ahalmena galtzen jarraitzea, egun langile publikoen egoera hori baita. Akordio horrek ez du eduki nahikorik, eta ez du beste azalpenik ez bada une horretan EH Bilduk babesten zuen Hezkuntza Legeari babes sindikala ematea baino.

Horregatik, ELAk LABi eskatzen dio bat egin dezala mobilizazioekin, ekainean sinatutako akordioa gainditu eta Ikastoletako langileen eroshalmena berreskuratzeko, lanpostuak bermatzeko eta lan kargak arintzeko. Izan ere, hori lortzeko beharrezkoak diren mobilizazioak eta grebak abian jartzeko prest dago ELA.