EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
Prekario baten lau urteko bizipenak (*)

2019ko irailaren erdialdean deia bat jaso nuen Leioan jardunaldi osoko ordezkapen bat egiteko, urtarrilaren bukaera arte. 2020ko otsailetik irailera langabezia kobratzen egon nintzen. Tartean, Covid-a agertu zen, eta etxean egon behar izan genuen konfinatuta lanik egin gabe, horrek dakarren neke eta higadura psikologikoarekin. Irailaren erdialdean berriz ere beste jardunaldi osoko ordezkapen bat egiteko deitu zidaten, oraingo honetan Donostian eta apirilaren bukaera arte. 2021eko apiriletik irailaren erdialdera langabezia kobratzen egon nintzen. Irailaren erdialdean berriz ere deitu ninduten, oraingoan Gasteiza joateko eta, jardunaldi osoa izan beharrean, sei orduko kontratua betetzeko. Aukera neukan beste zatia langabeziarekin osatzeko baina, 13 hilabete beranduago, langabezia bukatzear nuenean, EHUtik berriz ere deitu zidaten jardunaldi osoko ordezkapen bat egiteko. Laburra izango omen zen, baina ez zekiten, ez poltsetan ezta sailean ere noiz bukatu behar zen. Ikusita langabezia bukatzear nuela onartu nuen. Bi hilabete beranduago beste ordezkapen hobeago bat eskaini zidaten, gutxienez abuztuaren 31 arte. Uda kobratuko nuen ziurtasuna izanda, hartu nuen. Sail horretan lanean hasi eta baja gehiago agertu ziren. Nire sei orduko kontratuaren lehenengo lauhilekoan ikasturte osoko ordu guztiak sartuta nituen arren, bigarren lauhilekoan EHUk baimenduta dauzkan baino ordu gehiago egin behar nituen ordezkorik ez zutelako bidaltzen. Sei orduko kontratuarekin sartu nituen gehiegizko ordu guztiak, alperrik, bigarren lauhilekoan ez neukan aukerarik orekatzeko. Ordezkapen horrekin dagoeneko jarraitzen dut, gustura, baina oso ondo jakin gabe noiz bukatuko den. Sailak uda ondoren konkurtsora ateratzeko agindua omen dauka.
Goikoa ikuspegi ekonomiko eta iraupenen aldetiko kontakizuna da baina, irakaskuntzari begira, laburpena hau izango zen: 5 ikasturte hauetan 8 irakasgai desberdin prestatu behar izan ditut, 3 gradu desberdinetako Practicum I, II eta GRALeko ikasleak tutorizatu behar izan ditut eta GRALeko hainbat epaimahaietan egon behar izan dut. Bitartean, 3 sail, 4 gradu eta 5 modulu desberdinetan lan egin dut eta EHUko 3 Campusak ezagutzeko aukera izan dut.
Zaila da gogoratzea zenbat momentu txar egon diren eta zenbat presio, egon eza, urduritasun eta antsietatea pasatzen diren, adibidez, irakasgai berriak prestatu behar direnean. Batzuetan zortea dago eta irakasgaia prestatzeko sailak bi aste inguru utzi dizkit. Beste batzuetan, saila erabat gainezka egonda, kontratua sinatu eta berehala, egun berean, gelan sartu naute. Batzuetan ordezkatzen duzun irakasleak apunte batzuk pasatzen dizkizu. Beste batzuetan ez dago ia ezer eta Sailak berak ere ez daki zer helarazi: “webgunean programa ofiziala eskegita dago. Ea horrekin moldatzen zaren”. Eta moldatu behar duzu. Eta hau guztia, jakina, zure doktore tesia prestatzen ari zaren bitartean. “Badakizu, hemen doktorea izan gabe ez dago lanik. Eta ingelesa ere ikastea komeni zaizu”. Bai, jakina, argi daukat, zalantzarik ez, baina nola? Noiz? Denbora nondik atera behar? Ikasleei irakaskuntza kalitatea zeharo jaisten? Klaseak prestatu gabe? Ala nire tesirako denborak etengabe luzatuz?
Eta, antsietate horretan zeharo murgilduta zaudenean, joko arauak aldatzen dira eta errektoretzak lan poltsen baldintzak hankaz gora jartzea proposatzen eta ELAk ez beste sindikatu guztiek adosten eta erabakitzen dute. Hori gutxi ez eta, nahiz eta lan poltsetan izena ematean EHUk berak eskatzen dizun jakinaraztea ea jardunaldi osoan, partzialean edo bietan lan egin nahi duzun, EHUk berak 8 orduko kontratuak jardunaldi oso moduan ez ordaintzeko jardunaldi osoko ordezkapenak existitzen ez direla publikoki adierazten du.
EHU kudeaketa eredu hau era bat agortuta dago.