Arrigorriagako eskolako LH1eko ikasleak eta irakasleak hilabete bat egon dira irakasle berri baten zain
Arrigorriagako eskolako LH1eko ikasleak eta irakasleak hilabete bat egon dira irakasle berri baten zain
ELA sindikatuak Hezkuntza Sailaren utzikeria eta kudeaketa kaxkarra salatzen ditu: irailaren erdialdetik LH1eko ikasleak eta irakasleak egoera jasanezinean egon ostean, komunikabideetan albistea zabaldu denean soilik erreakzionatu du Hezkuntza Sailak.
ELA sindikatuak salatu du Hezkuntza Sailak Arrigorriaga HLHI ikastetxean azken hilabete honetan erakutsitako utzikeria, bai ikasleekiko eta baita langileekiko ere. Izan ere azken hauek beraien lana egin ahal izateko lan-baldintza egokiak eta baliabide pertsonal nahikorik ez dituzte izan.
Behin ikasturtea hasita, LHko 1. mailan ikasle berriak matrikulatu ostean, ikasle kopuru horrek legezko ratioak gainditu eta, lehen zeuden bi taldeei hirugarren bat gehitzea eskatu zuen ikastetxeak. Hezkuntza Sailak onartu egin zuen talde berri hori. Hala ere, talde berri horren ardura hartuko duen tutorea ez da iritsi asteazken hau arte, urriak 21. Labur esanda, hilabete beranduago heldu da irakaslea.
Gainera, urriaren 20an guraso talde batek eskualdeko aldizkarian egoera hau salatu duen arte ez da irakaslea bertaratu. Kasualitatea izan daiteke, baina salaketa jasotzen duen artikulua argitaratu eta hurrengo egunean bidali du Hezkuntza Sailak langile berria ikastetxera.
Egoera honen ondorioak ikasleek eta langileek pairatu dituzte. Alde batetik, hilabetez baliabide nahikorik gabe eta gain karga nabariarekin antolatu behar izan delako ikastetxea, eta bestetik ikasturtea hasi eta hilabetera berrantolaketa gauzatu beharko delako, honek ikasleen ikas prozesuan gehitu ditzaken zailtasunekin.
ELAk salatu du Arrigorriagakoa ez dela kasu isolatu bat. Beste ikastetxe publiko batzuetan ere antzeko atzerapenak eta ordezkoen faltak gertatzen ari baitira. ELAk Hezkuntza Sailari egoera hauek ekiditeko beharrezko neurriak hartzea eskatzen dio; izan ere irakasleen ahalegin indibidualak ezin baitu ordezkatu Hezkuntza Sailari irakasleak bidaltzeko dagokion ardura.
Azkenik, ELAk dei egiten die antzeko egoera izan dezaketen ikastetxeetako irakasle eta hezkuntzako langileei egoera salatzera eta sindikatuarekin harremanetan jartzera!
Euskal Herrian, 2026ko urriaren 23an