HAURRESKOLAK

ELAk berriz ere Auzitegietara jo du enplegu finkoa eta langileen eskubideak defendatzeko

2026/09/17
ELAk berriz ere Auzitegietara jo du enplegu finkoa eta langileen eskubideak defendatzeko

ELAk berriz ere Auzitegietara jo du enplegu finkoa eta langileen eskubideak defendatzeko

Uztailean egindako esleipen prozesuan, 164 lanpostu huts zeuden arren, finkatu behar ziren 77 langileei Partzuergoak berak aukeratutako 77 lanpostu bakarrik eskaini zitzaizkien

Erabaki hori finkotasunaren eta langileen eskubideen aurkako beste eraso bat gehiago da

Pasa den ikasturtea nahi baino modu makurragoan amaitu genuen Haurreskoletan. Ia 3 urtez luzatutako auziari amaiera eman eta azkenean 77 langile gehiago finkatzea lortu genuen arren, Partzuergoak langile horiei hutsik zeuden 164 lanpostuen artean 77 bakarrik eskaintzea erabaki zuen.

Erabaki hark finkotasunari oztopo bat gehiago ezarri zion eta aurretik ere kaltetuak izan ziren 77 langileren eskubideak urratu zituen.

Gainera, erabaki hura aurretik adierazitako asmoen aurkakoa izan zen. Hasiera batean adierazi zitzaigun lekualdatze-lehiaketa egin ondoren hutsik geratutako lanpostu guztiak eskainiko zitzaizkiela langileei. Uztailaren 10ean aldiz, aurretik inolako jakinarazpenik egin gabe, aurkako erabakia argitaratu zuen Partzuergoak (ez dakigu erabaki batetik bestera zer gertatu zen).

Esleipen prozesua amaitu baino lehen, Partzuergoari hartutako erabakia zuzentzeko eskatu genion hainbatetan. Uztailaren 20an elkartaratze bat ere deitu genuen erabakia salatu eta konponbide bat eskatzeko. Tamalez, Partzuergoak entzungor egin zien hamarnaka langileren eskaerari.

Azkenean, auzia konpontzeko borondaterik izan ez dutenez, ELAk berriz ere Auzitegietara jo du. Gure zerbitzu juridikoek erregistratu berri duten salaketaren bidez, Partzuergoaren erabakia salatu dugu honakoa eskatuz:

  • 77 langileek lekualdatzearen ondoren hutsik dauden lanpostu guztien artean aukeratzeko eskubidea izan dezatela;

  • Erabakiaren ondorioz sortutako kalteak konpondu eta konpentsatu ditzatela;

Uztailean agindu bezala, ELAk bide guztiak jorratu ditu prozesuak zuzentasunez gauzatu, enplegu finkoa bultzatu eta langile guztien eskubideak babesteko.