Urriko boletina
I. ATALA: FINKOTASUNA ETA KALTE-ORDAINAK ESKATZEKO AUKERA BERRIAK IRUZURREAN KONTRATATUAK IZAN DIREN LANGILEENTZAT
Auzitegi Gorenak bi sententzia garrantzitsu argitaratu zituen 2026ko maiatzean eta ekainean. Bi epai horiek iruzurrezko lan-kontratuak jasan izanaren ondorioak zabaltzen dituzte eta, ondorioz, egoera horietan egon diren langileei (lan-legepekoei bakarrik) finkotasuna edota kalte-ordainak eskatzeko aukera berriak aitortzen zaizkie.
Gorenaren jurisprudentzia berriaren arabera, noizbait iruzurrean kontratatua izan den behin-behineko langileak: finkotasuna eskatzeko eta jasandako kontratuagatik kalte-ordain bat jasotzeko eskubidea izan dezake.
Jada finkoak diren langileek ere kalte-ordain hori eskatzeko aukera izan dezakete, beti ere aurretik erakunde berean lege iruzurrean egindako kontraturik eduki badute.
Ondorioz, zer baldintza bete behar dira finkotasuna edota kalte-ordaina eskatzeko?
-
Sektore publikoko lan-legepeko langilea izan (funtzionario izaera duten langileak kanpo utzi dituzte).
-
Administrazio edo erakunde publikoan noizbait abusuzko edo iruzurrezko kontratua eduki.
-
Lanpostu finko bat lortzeko hautaketa-prozesu batean parte hartu.
-
Hautaketa-prozesu hori gainditu izana, nahiz eta gero lanposturik ez lortu.
-
Hautaketa-prozesua gainditu ez bada ere, interesatuak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izan dezake pairatutako abusuzko kontratazioa dela ta.
* Edonola ere, egoera zehatz bakoitza kasuz-kasu aztertu beharko da.
Ondorioz, Haurreskolak Partzuergoan abusuzko edo iruzurrezko lan-kontraturik izan duzula uste baduzu, ELA sindikatuarekin harremanetan jartzea gomendatzen dizugu. Zure kasua aztertu eta finkotasuna edota kalte-ordainik erreklamatu ote dezakezun eta gure abokatuekin nola egin dezakezun azalduko dizugu!
HAURRESKOLETAN PREKARIETATEARI STOP!!
Harresukolak Partzuergoak behin-behineko kontratazioa modu abusiboan darabil urte luzez. Langile finko kopurua 1.000 ingurukoa den bitartean, gutxienez beste 500 inguru modu egonkorrean dabiltza ikasturtero lanean: LEP arteko kontratuen, lan-metaketen edota ordezkapen kontratuen bidez.
Azken urteetan gainerako sindikatuek sinatutako akordioek ere egoera hau denboran zehar luzatu dute. Esaterako: lan-metaketa kontratuak 6 hilabetetik 12ra luzatuta, lanpostu finkoak sortu beharrean hutsuneak behin-behineko bidez betetzen jarraitzeko aukera eman zioten Partzuergoari.
Akordio hartatik bi urte baino gehiago pasa dira eta oraindik ere ez dute langile bat bera ere finko egin.
Haurreskoletan behin-behinekotasunari lotuta topatzen dira egoera prekario gehienak. Ondorioz, ELAren ekintzen erdigunean egon da behin-behinekotasunaren aurkako borroka:
-
Demanda bidezko finkotasuna indibidualak bultzatu genituen,
-
Demanda kolektibo bidez 77 lankide gehiago finkatzea lortu genuen.
-
Lan-metaketak luzatzeko akordioaren aurka egon ginen.
-
Hitzarmena ez genuen sinatu, besteak beste, ez ziolako behin-behinekotasunari konponbidea jartzeko neurri eraginkorrik jasotzen.
Oraingoan, auzitegien jurisprudentzia berria aplikatuz, behin-behineko langile gehiago finkatzeko eta administrazio publikoen partetik abusuzko kontratazioarekin amaitzeko lanean jarraituko dugu.
Behin-behinekotasuna prekarietatea da!
II. ATALA: UDAL HAURRESKOLEN INTEGRAZIOA – GARDENTASUNIK GABE ETA ERAGINDAKO LANGILEEN PARTE-HARTZERIK GABE GAUZATUTAKO PROZESUA
Ikasturte honetan honako 6 udal-haurreskola integratu dira Haurreskolak Partzuergoan: Gaubea, Andoain, Aretxabalaeta, Oiartzun, Ordizia eta Usurbil. Integrazioaren ondorioz, haurreskola horietatik 35 hezitzaile izan dira Partzuergoan subrogatuak. Hurrengo ikasturteei begira, hainbat udalek ere beren eskumeneko haurreskolak Partzuergoan integratzeko borondatea azaldu dute.
Gureari dagokionean, pasa den uztailaren 28an Hezkuntza Sailak eta Partzuergoak eta LAB eta Steilas sindikatuek haurreskola horietan funtzionarioak ziren edota ordezkoak ziren langileentzatko integrazio baldintzak adostu zituzten (finko arrunten baldintzak jada legez ezarriak daude).
Mahaian esandakoaren arabera, une hartan Andoaingo haurreskolari bakarrik eragiten zion akordioa sinatu zuten arren, argi dago hurrengo urteetan integratuak izan daitezken funtzionario edota ordezkoentzako baldintzak ere ezarri zituztela. Sailak berak mahaian baieztatu zuen akordioaren asmoetako bat hori zela.
ELAk ez zuen Hezkuntza Sailaren eta Partzuergoaren proposamena sinatu, langile horientzat eskubide galera bat dakarrela uste baitugu. Are gehiago, beste sindikatuen erabakia kritikatu genuen: alde batetik, eragindako langileak edota horien ordezkariak presente egon gabe, haiei eragiten zien testua adostu zuten; bestetik, hamarnaka langileren etorkizuneko integrazio baldintzak ere adostu zituzten.
Uztailaren 28aren ondoren izan dira beren desadostasuna azaldu duten langileak. Besteak beste, integrazio prozesuen gardentasun eza edota adostatako edukien egokitasuna salatu dituzte.
ELAtik ere argitasun falta salatu genuen. Ez zen langileen parte-hartzerik eman. Goitik behera, Udalek, Hezkuntza Sailak eta Partzuergoak sukaldatutako prozesua izan zen eta azkenean, ikasturtea amaitzear zela, haiek adostutako akordioa eraman zuten Partzuergoko mahaira. Bertako sindikatuek ontzat eman zezaten.
Esanda bezala, eragindako langileak ordezkatu gabe gainera.
III. ATALA: Azken hilabeteetako hito garrantzitsuenak
Haurreskoletako ELAkideak hainbat ekimenetan ibili gara azken hilabeteetan, horietan azpimarragarrienak:
1- 77en finkotasuna modu egokian eskatzeko mobilizaizioa
Uztailaren 20an elkartaratzea deitu genuen 77 langilleen finkatze prozesuan hutsik zeuden lanpostu guztiak eskaini behar zirela aldarrikatuz.
Inolako justifikaziorik gabe eta aurretik adirazitako iritzia aldatuta, finkatze prozesuan eskainiko diren lanpostu kopurua 77ra mugatzea erabaki zuen Partzuergoak. Gainera, 77 lanpostu horiek aukeraketa erabat aldebakarrekoa izan zen.
Erabaki hura salatu eta gainerako langileen trataera berdina eskatuz, hainbat langile mobilizatu ginen Eibarko egoitzaren aurrean.
2- Hurrengo Hitzarmenaren prestaketa: inkestak + batzarrak
Indarrean den Hitzarmenak 2026an galtzen du indarraldia. ELAk langileen artean ehundaka inkesta banatu ditu, hurrengo urtean denen beharrak kontuan hartuko dituzten eskaera eta proposamenak egiteko.
Emaitzak afiliatu batzarretan jorratu ditugu eta hurrengo urteko Hitzarmen proposamena osatu bezain pronto, berriz ere langileen artean banatuko dugu.
3- Lan-osasunean
Pasa den ikasturte amaieran lan-arriskuen prebentzio planak berritzeko eskatu genuen. Indarrean direnak jadanik zaharkituak gelditu baitira zenbait alorretan.