Justiziak askatasun sindikala behin eta berriz urratu dela ebatzi du
Justiziak arrazoia eman dio ELAri eta frogatutzat jo du Kabiak (Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako erresidentziak kudeatzeko duen erakunde autonomoa) behin eta berriz izan duela jokabide antisindikala enpresa batzordearen eta ELAren aurka. Gauzak horrela, kalte ordaina ematera kondenatu du. Zehazki, 6.250 euro ordaindu beharko dizkio eskatzaile bakoitzari. Epaiak adierazten du askatasun sindikalerako eskubidea urratu dela, eta askatasun sindikalaren aurkako jokabideak berehala eteteko agindu du.
2022An, Kabiako enpresa batzordea eta langileen batzordea hautatu zirenetik, ELAk erakundearen jazarpen antisindikala salatu du. Urte hauetan guztietan, erasoak etengabeak izan dira langileen ordezkarien aurka, bai lehengo gerentziaren aldetik zein egungo arduradunen aldetik. ELAk ziurtatu du Kabiak uko egin diola dagokion informazioa emateari, eskubide sindikalak oztopatu dituela eta uko egin diola langileen edozein lan erreklamaziori erantzuteari. Era berean, sindikatuak hautaketa prozesu opakoak eta ordezkari sindikalen aurkako presio neurriak salatu ditu, besteak beste. Orain, eskatutako dokumentazioa garaiz eta behar bezala aurkeztea agindu dio epaileak Kabiari.
Testuinguru horretan, dio ELAk, oso zaila izan da ordezkari sindikalentzat beren lana behar bezala egitea.
ELAren ustez, "bereziki antidemokratikoa da Gipuzkoako pertsona guztien finantzazioa duen administrazio publiko batek ordezkaritza sindikala ez errespetatzea".