Langileak Emakumeen Etxean itxialdia hasi dute
Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako 5.000 langile inguru deituta daude otsailaren 26 eta 27ko greba jardunaldietara. Manifestariak Donostiako Okendo kaleko Emakumeen Etxean hasi dute itxialdia, babes soziala lortzeko eta gatazkan Foru Aldundiaren berehalako esku-hartzea eskatzeko. Hitzarmenaren negoziazioa erabat blokeatuta dago patronalek proposamenik egin ez dutelako. Bien bitartean, greba mugagabean dauden egoitzek 100 greba-egun baino gehiago bete dituzte.
ELAk salatu duenez, Foru Aldundiak Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroen sektorea pribatizatu izanak lan-baldintzen zein zerbitzuaren kalitatearen etengabeko narriadura ekarri du. Prekaritatea handitzen ari da: plantillaren ia erdiak borondatezkoak ez diren lanaldi partzialak ditu, eta langileek urtean 10.000 euro gutxiago kobratzen dute lan bera egiten duen langile publikoekin alderatuta. Eskaera nagusien artean daude %100eko lanaldiak bermatzea eta soldata-arrakala amaitzea.
Sindikatuak uste du Foru Gobernuak bultzatzen duen zaintza eredua genero-diskriminazioan oinarritzen dela, eta martxoaren 8a gerturatzen ari den honetan, diputatu nagusia den Eider Mendozari, berdintasunaren inguruko diskurtso instituzionala praktikara eramateko eskatu dio. ELAk prestutasuna agertu du sektoreko egiturazko desberdintasunak ezabatuko duen hitzarmen bat adosteko.
Halaber, ELAk bat egiten du Gipuzkoako Senideak elkarteak datorren larunbaterako deitu duen manifestazioarekin eta zaintza eta lan baldintza duinen alde herritarrak zein elkarteak parte hartzera deitu ditu.