BIZKAIBUS-AVANZA DURANGALDEA

Langileek elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean lan baldintzak salatzeko

2026/06/04
Langileek elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean lan baldintzak salatzeko
ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek prekaritatea, langile falta eta enpresaren presio politikak salatu dituzte.

Sindikatuen arabera, prekaritatea gero eta handiagoa da. Lanordu gehiago plantilla beraren gain erortzen dira, eta horrek behin-behinekotasuna eta lan-karga handitzea dakar. Era berean, enpresak irekitzen dituen espedienteak salatu dituzte, langileak beldurtzeko eta estres zein antsietate giroa sortzeko tresna gisa erabiltzen direla ohartarazita.

Bestalde, tailerrean langile falta dagoela eta baimenak ez direla ordezkatzen adierazi dute, horrek lan-karga areagotzen duelarik. Gainera, buruetan komunak ez izatea ere salatu dute, 2019tik konpondu gabe dagoen arazoa dela gogoraraziz.

Horrez gain, enpresak "absentismoa"-ren inguruan egiten dituen erreferentziak kritikatu dituzte, baimenak, lizentziak edo gaixotasun nahiz istripuagatiko bajak hartzea ez direla absentismoa azpimarratuz.