Langileen osasuna babesteko neurriak berehala hartzea galdegin du ELAk
Bizkaiko erresidentzia eta etxebizitza komunitarioetako langileak berriro mobilizatu dira Bilbon, lan gainkargak osasunean duen eragina salatzeko eta zaintza ereduan aldaketak eskatzeko. “Zaintzeak gaixotasuna dakarrenean” lelopean, sektoreko lan baldintzak arintzeko neurriak jarri dituzte erdigunean.
ELAren eskaeren artean daude 55 urtetik gorako langileentzako lanaldi murrizketa soldata eta kotizazioaren %100arekin; plantilla handitzea lanaldi osoekin eta kontratu mugagabeekin; kontratu erreleboa bermatzea; eta antzinatasunaren aitorpen osoa bermatzea kontratu guztietan.
Gaurko mobilizazioa martxoan hasitako dinamikaren parte da, eta uztailean arte luzatuko da, aldarrikapenak ikustarazteko eta erakunde publikoekin harremanak indartzeko helburuarekin.
Testuinguru honetan, Gizarte Ekintzako diputatuak ELAk egindako bilera eskaerari ez erantzun izana salatu dute langileek. Bilerak lan osasuneko araudiaren urraketak aztertzea zuen helburu.
ELAk ohartarazi du zaintza sistema ezin dela langileen osasunaren kontura sostengatu, eta enpresei, patronalei eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu die erantzukizunak hartu eta neurri eraginkorrak ezarri dezatela.
Mobilizazioek jarraipena izango dute maiatzean, langileek OSALANrekin bilera eskatuko dutenean eta kalean aldarrikapenekin jarraituko dutenean.