BIZKAIKO ERRESIDENTZIAK

Mobilizazioak abiatu ditu ELAk enplegu egonkorra eta osasuna bermatzeko neurriak eskatzeko

Mobilizazioak abiatu ditu ELAk enplegu egonkorra eta osasuna bermatzeko neurriak eskatzeko
Lanaldi partzialak lanaldi osoko kontratu mugagabe bihurtzea, astea 32 ordura murriztea eta plantillak indartzea eskatzen dute Bizkaiko erresidentzietako langileek, bereziki gaueko txandan.

Bizkaiko egoitza eta etxebizitza komunitarioetako langileek, ELA sindikatuak deituta, mobilizazio dinamika abiatu dute gaur Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, zerbitzuaren arduradun nagusiaren aurrean. Protestak uztailera arte luzatuko dira, euren aldarrikapenak sozializatzeko eta erakunde publikoetara eramateko helburuarekin.

“Zaintzeak gaixotzen duenean” lelopean, lan-karga “jasanezinak” salatu ditu ELAk, eta horiek langileen osasunean eragin larria izaten ari direla azpimarratu du. Testuinguru horretan, sektoreko prekaritatea amaitzeko premiazko neurriak eskatzen ditu; izan ere, behin-behinekotasun tasa %42koa da eta lanaldi partzialaren erabilera oso hedatua dago.

Eskari nagusien artean, lanaldi partzialeko kontratuak lanaldi osoko kontratu mugagabe bihurtzea eta langile gehiago kontratatzea daude. Halaber, astean 32 orduko lanaldia ezartzea eta gaueko txandan solairu bakoitzean gutxienez bi langile egotea bermatzea proposatzen du ELAk.

Neurri horiek ELAk egindako arrisku psikosozialen ebaluazioetan jasotako ondorioei erantzuten diete, egungo lan-baldintzek duten eragin negatiboa agerian uzten baitute.

ELAk ohartarazi du zaintza sistema ezin dela langileen osasunaren kontura sostengatzen jarraitu, eta enpresei, patronalei eta Bizkaiko Foru Aldundiari erantzukizunak har ditzatela eskatu die.

Azkenik, langileek iragarri dute apirilean berriro mobilizatuko direla, enplegua eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko neurri zehatzak eskatzeko.