FUNDACIÓN SÍNDROME DOWN (BILBO)

Negoziazioa blokeatuta dago, eta langileek mobilizazioei ekingo diete

2026/06/12
Negoziazioa blokeatuta dago, eta langileek mobilizazioei ekingo diete
Fundación Síndrome Down-eko langileek sektorearen prekaritatea salatu dute, eta ohartarazi dute negoziazioan aurrerapausorik ezean lanuzteak eta grebak deituko dituztela.

Fundación Síndrome Down-eko langileek lan baldintzak hobetzeko mobilizazio ziklo bati hasiera emango diotela iragarri dute, zuzendaritzak enpresa batzordeak aurkeztutako aldarrikapen nagusiak baztertu ostean. Horien artean daude soldata igoera, lanaldia murriztea eta lan osasunaren zein kontziliazio baimenen arloko hobekuntzak.

Langileen arabera, negoziazio prozesua itxitzat eman ez bada ere, aldeak "gutxieneko adostasunetara iristeko oso urrun" daude oraindik. Horregatik, aurrerapauso bat ematea erabaki dute, eta ohartarazi dute negoziazioak aurrera egiten ez badu protesta ekintza berriak egingo dituztela, hala nola mobilizazioak, lanuzte partzialak edota greba egunak.

Plantillak salatu du gaur egungo lan baldintzek ez dutela islatzen egiten duten lanaren erantzukizuna eta balio soziala. "Profesionaltasuna, inplikazioa eta bokazioa eskatzen zaizkigu, baina trukean soldata eskasak eta erosteko ahalmenaren etengabeko galera jasotzen ditugu". Ildo horretan, gogorarazi dute "bokazioak ez duela alokairua ordaintzen, ezta hozkailua betetzen ere", eta arbuiatu dute erabiltzaileekiko konpromisoa lan baldintza prekarioak justifikatzeko erabiltzea.

Fundazioko langileek azpimarratu dute beren lana ezinbestekoa dela aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideak, inklusioa eta autonomia bermatzeko, baita haien familiei laguntza emateko ere. Hezkuntza, laguntza eta zaintza prozesuetan parte hartzen duten profesionalak dira, eta gizartearentzat funtsezkoak diren zerbitzuak sostengatzen dituzte.

Era berean, nabarmendu dute euren lan eskubideen alde egitea zerbitzuaren kalitatea defendatzea ere badela. "Artatzen, laguntzen eta hezten duten pertsonak prekarizatzen direnean, zaintza sistema osoa ahultzen da", adierazi dute.

Enpresa batzordearen esanetan, mobilizazio ziklo hau egoera aldatzeko konbentzimendutik sortu da, eta "sektore sendoa, baliabide nahikoekin eta profesional kualifikatuak erakartzeko eta mantentzeko gaitasuna izango duena" aldarrikatu dute. Horrez gain, zaintza, laguntza eta inklusio lana "hitzekin ez ezik, egitateekin ere" aitortua izan dadila eskatu dute.