OSAKIDETZA

1.431 lanpostu berri sortzeak ez du egungo plantilla handituko ezta indartuko ere

2024/02/22
Osasun Sailak 1.431 plaza sortuko dituela iragarri du gaur Legebiltzarreko eztabaidan. ELAk, ordea, aditzera eman du kontuan izan behar dela neurri horrekin ez direla lanpostu gehiago sortuko, baizik eta jada behin-behinean lanean daudenen lanpostuak formalizatuko direla.

Osakidetzako plantillaren erdia baino gehiago behin-behinekotasun egoeran dauden langileak dira: 22.000 pertsona baino gehiago. Eta behin-behinekoen zati handi bat formalki sortu ez diren lanpostuetan dago lanean. Izan ere, egun Osakidetzan 31.011 lanpostu plaza daude egiturazkoak direnak (funtzionarioak edo kodetutako plazak deitzen direnak). Guztira, baina, 45.000 langile daude lanean Osakidetzan, horietako asko estrukturalak kontsideratzen ez diren lanpostuetan, eta beste batzuk estrukturalak izanagatik ere, behin-behinean.

Ondorioz, ELA kexu da gaur iragarritako neurriak ez duela plantilla indartzen, “premia larria izanagatik ere”.

“Estrukturaltzat aitortu gabeko lanpostuak formalizatuko ditu, besterik ez”.

Gainera, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak aldi baterako kontratazioa mugatzen duten lege aldaketek behartuta hartu duela neurri hori, “behin-behineko kontratazioaren iruzurrezko erabilera sistematikoa egin baitu Osakidetzak”.

ELAk Osakidetzari eskatu dio gaur egun modu formalean sortu gabe dauden egiturazko lanpostu guztiei kodea emateko, hau da, formalizatzea, eta beharrezko pausoak ematea egun plantillan dituen aldi baterako milaka langileak kontsolidatzeko.