2013-2020 Osasun plana edukirik gabeko orokortasun polita besterik ez da

2014/04/04
Atzokoan Jon Darpon Osasun Sailburuak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Plana aurkeztu zuen. Plan horrek konpartitzen ditugun hainbat helburu dauzka, baina helburu horiek lortzeko ez du inolako estrategiarik ez bitartekorik aurreikusten. Sailburuak, horrez gain, Osakidetzan edozein murrizketa egin izana ukatu zuen, honek errealitatearekiko bere urruntasuna edo murrizketak ezkutatzeko nahia besterik ez ditu erakusten

Eusko Jaurlaritzak adierazpen mediatikoak egitera ohitu gaitu, adierazpen horiek eguneroko egitekoekin inolako loturarik izan ez arren. 2013-2020 Osasun Plana lan-egiteko modu horren beste adierazpen bat besterik ez da.

ELAren ustez Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen helburuek islada izan behar dute, ondoren, bere estrategian, osasun-antolakuntzan eta helburu horiek lortzeko bitartekoetan. Planak ez ditu hiru eremu horiek aipatu ere egiten. Are gehiago, dokumentu guztian zehar langileak behin bakarrik aipatzen ditu, nahiz eta hor ere ez duen helbururik zehazten.

ELAren ustez bereziki larria da Osasun Sailburuak gure gizartearen osasuna hobetzeko duen baliabide inportanteenari, Osakidetzako eta Eusko Jaurlaritzako langileei, eskaintzen dion atentzio falta. Langile hauek dira Gobernuak ezarritako helburuak beteko dituztenak  eta dokumentuak ez ditu aipatu ere egiten.

ELAk gogorarazi nahi du, Sailburuak ukatu arren, Eusko Jaurlaritzak 2009tik osasun-gastua 157,3 milioi eurotan murriztu duela eta ELGEko herrialdeen bataz-bestearekiko 1.050 milioi euroko defizita mantentzen dugula.

Azkenik, Sailburuak oposizioari 5 murrizketa izendatzeko erronka bota zion. Ez dira 5, 3.000 baizik Osakidetzan lan egiten zuten eta egun langabezian dauden pertsonen izen-abizenak, horietatik 2.000ak lanpostua Darpon Sailburu dela galdu dute.

Euskal Herrian, 2014ko apirilaren 3an