2013. urteko lan-egutegia

2013/03/22
Osakidetzako langileek aurtengo lan-egutegiaz egin dituzten galderak direla-eta, ELA sindikatuak zera ematen du jakitera: Giza Baliabideen zuzendariak 2013ko martxoaren 22ko Sektore Mahaiaren bileran adierazi duenez, berak ez du jakiterik izan horren inguruko bilerarik egin den, eta gaurko egunean ez da zirkularrik eman, ezta irizpiderik ezarri ere.

Eusko Jaurlaritzaren arauetan jasota dagoena aintzat hartuz, lanaldia banatu aurretik sektore-mahaian negoziatu behar da. Organo horri dagokio, lehendabizi, lanaldiaren gaineko eztabaida ixtea, adostasunez edo adostasunik gabe, eta gero egutegien bidez lanaldiaren banaketa ezartzea.
Hori horrela izanik, eta Osakidetzaren Giza Baliabideen Zuzendaritzak dioenez, zuzendaritza horrek ez dauka zerikusirik zenbait zerbitzu-antolakundek oraingoak ez bezalako egutegiak negoziatzeko egiten omen dituzten ahaleginekin. Beraz, zuzendaritza horrek bere jarraibidea eman arte, PERTSONAL BURUEK, GAINBEGIRALEEK, JUAP-EK eta ERDI MAILAKO ARDURADUNEK ezin diete ezarri langileei egutegiaren ezein aldaketa. Ondorioz,

  • Indarrean dagoen lan-egutegia 2013ko urtarrilaren 1ean negoziatu zena da.

  • Ez dago Osakidetzaren agindurik, 2013ko urtarrilaren 1ean ezarritako lanaldiak luzatzeko edo aldatzeko.

  • Ez zerbitzu-antolakundeek, ez langileek, ezin dute neurririk proposatu, 2013ko urtarrilaren 1ean ezarritakoa aldatzeko.

ELAk jarraituko du Gobernuari eskatzen murrizketak zuzendu eta erretiratzeko, eta ez du bultzatuko lanaldi berri bat eztabaidatzea, are gutxiago, sektore-mahaiarena ez den beste esparru batean. Akordiorik lortzea zaila izango da, Administrazioaren asmoa, honela edo hala, sindikatuek murrizketak abalatzea baldin bada.

ELAK EZETZA EMATEN DIE MURRIZKETEI, ETA BERAZ EZ DU GOBERNUA BABESTUKO, ZEHAR KALTEAK ARINTZEKO AITZAKIATAN.