2013. urteko ordutegia, osakidetzako aldi baterako kontratuak dituzten langileentzat
Eusko Jaurlaritzak egin dituen murrizketak eta gero, asteko 37½ orduren baliokidea urtean 1.614½ ordutan finkatu dute.
Zergatik 1610 ordu 2013an?
2013. urteari dagokionez, argitaratu zuten arauaren eragina ez zen hasten urtarrilaren 1ean, martxoaren 13an baizik; beraz, urteko lehen zati batean (71 egun) asteko 35 ordukoa egon zen indarrean, eta handik aurrera (294 egun) asteko 37½ orduko lanaldi ezarri berria.
Jaurlaritzaren asmoa aski argia bada ere, eta 2014tik aurrera ez dago zalantzarik gutxienez 1.614½ orduak izango direla; ezarpenaren lehen urte honetarako distortsio bat sortu da, eta hortik zalantzak, 2013an zenbat ordu sartu behar diren gehienez jakiteko. Urte osoko eta lanaldi osoko kontratua dugunontzat zergatik eskatzen digu Jaurlaritzak 2013an 1.610 ordu?
Hirukotearen erregela aplikatu dute urte-aldi bakoitzerako: 365 egunetarako, 1592 ordu baziren, 71 egunerako: 309 ordu 40 minutu; eta 365 egunetarako, 1614½ ordu badira, 294 egunetarako, 1300 ordu 20 minutu. Bi emaitzak batuz gero (309h 40’+1300h 20'), ondorioz ematen diguna 1610 ordu da.
Baina HORREK NOLAKO ERAGINA DU URTEKO ZATI BATEAN BAINO LAN EGITEN EZ DUTEN LANGILEENGAN?
Lehenengo urtealdia (1592 orduko erreferentzia duena) martxoaren 13ra arte doa, eta bigarrena (1614½ ordukoa) handik aurrera.
Nola zenbatzen da lanaldia lehen urtealdian, bigarrenean eta bietatik zati bat hartzen duen kasuan? Zuzen egitekotan, hirukotearen erregelaren bidez kalkulatu beharko zen urtealdi bakoitzeko, kontuan hartuz bai kontratuaren iraupena, bai indarreko erreferentziako ordu-kopurua (dela 1592, dela 1614½).
ERABILERRAZA AL DA OSAKIDETZAREN FORMULA?
Antza denez, Jaurlaritzak, edo sail batzuek behintzat, 1610 orduko erreferentzia hartu dute urte osorako, begiratu gabe doakionak lehen urtealdian, bigarrenean edo bietan lan egin duen.
Noren mesedetan doa zenbatzeko modu hori?
Batzuetan onerako, eta besteetan kalterako izan daiteke, pertsona beraren kontratuen arabera.
2013ko bi urtealdi horietan lanaldia nola banatu den arabera.
Nahiz eta orduak zenbatuz aldeak oso nabarmenak ez direla iruditu, eta gehienez eska daitezkeen ordu-kopuruak nolabaiteko orekan —dela aldeko, dela aurkako— daudela iruditu, aldeak egon badaude.
Hortaz, lehen urtealdian 1610 orduko erreferentzia hartuz 313'178 ordu eskatuko dira, 309’676 ordu eskatu beharrean; hau da, %1’12 ordu gehiago eskatuko lirateke (3½ ordu gehiago, 2 hilabete eta 13 eguneko aldi batean).
Ostera, bigarren urtealdian 1610 orduko erreferentzia hartuz gero, 1296’827 ordu eskatuko lirateke, 1300’446 eskatu beharrean; hots, langilearen onerako, %0’28an (3’6 ordu, 9 hilabete eta 17 eguneko aldi batean).
Aldeak, beraz, ez dira handiak; baina handiagoak izan daitezke oporraldia noiz hartzen den arabera (denboraren edo diruaren truke hartzen den; lehen edo bigarren urtealdian hartzen den). Dena dela, 1610 orduko erreferentzia bi urtealdietarako hartuz gero, ez da distortsiorik eragingo urte osoan lan egin bada; baina batez ere lehen urtealdian lan egin duenari kalte egingo dio, eta batez ere bigarren urtealdian lan egin duenari mesede.
Eta denek jakin dezaten ematen dugu aditzera.
ELA Osakidetza