35.000tik gora lanpostu finkatzea, negoziazio kolektiboa berreskuratzea eta azken urteotako murrizketa guztiak lehengoratzea eskatu ditu ELAk

Eusko Jaurlaritzak ez du sartu Europako Auzitegiaren eta EAEko Auzitegi Nagusiaren arestiko epaien ondorioen gaia Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bileraren aztergaien zerrendan, nahiz eta enplegu-arloko irregulartasun larriak ELAk bi bider aztertzeko eskatu. Aldiz, Jaurlaritzak Rajoyri eskatu dio lan-erreformaren arazo larria konpontzeko, bere ardurari eutsi ordez.
Bileran, ELAk esparru publikoan 35.000 lanpostu sortzeko eta finkatzeko eskatu du. Horretarako, ordezpenak lehen egunetik egin, EPEetan egitura-lanpostu eta baja begetatibo guztiak sartu, eta zerbitzuak pribatizatzeko eta azpikontratatzeko joera berehala gelditu beharko ziren.
Gainera, 35 orduko lanaldiari eusteko ere eskatu dugu. Gogoratu beharrekoa da 35 orduko asteko lanaldia nondik datorren: Mahai Orokorraren baitan, 2000. urtean lortutako akordioaren ondorioz, urtebete lehenago greba orokorra egin ostean.
Halaber, ondoko eskakizun hauek ere egin ditugu: gobernu horrek suntsituriko negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratzea —Mahai Orokorraren azken akordioa osorik betez—, galdutako eros-ahalmena berreskuratzea (2012an osturiko aparteko ordainsaria barne), eta murriztu diren gainerako lan-baldintzak lehengoratzea, besteak beste, gaixotzeagatiko osagarriak, erretiro-sariak eta Itzarri.
Aipatu beharrekoa da lan-baldintza horietako gehien-gehienak itzulita daudela, dagoeneko, Hego Euskal Herriko gainerako erakundeetan (Nafarroako Gobernua, udalak eta aldundiak), eta baita Estatuko Gobernuan bertan ere.
Jaurlaritzak ez ditu inola ere onartu nahi izan ELAren eskariak, eta beraz Urkulluren gobernuak agerian utzi du lanpostuak eta lan-baldintzak suntsituz jarraituko duela sektore publikoan, eta defizit publikoa zaintzen nahiz zorra ordaintzen ikasle aurreratua izaten jarraituko duela.
Bestalde, Jaurlaritzak adierazi du ez ez dutela urratsik emango enpleguaren alorrean dauden irregulartasun larriei aurre egiteko. Soldatei dagokienez, gutxienez %1eko igoera iragarri dute, PKIren azpitik beti ere. Aparteko ordainsariari dagokionez, %25 itzuliko dute aurten, eta beste %25 2018an.
ELAk dei egiten die Mahai Orokorraren eraginpeko langileei antolatzera, eta politika horiek errotik aldatzeko mobilizatzera. Izan ere, politika horien ondorioak oso larriak baitira gizarte osoko osasunean, hezkuntzan, segurtasunean, enpleguan, eta baita administrazio publikoko langileen lan-baldintzetan ere.
Gure zerbitzu publikoen egoera larriaren aurrean, ELAk dei egiten die arlo publiko langileei eta herritar guztiei urtarrilaren 30ean, 11:30etan, Ajuria Enearen aurrean egingo den protestaldian parte hartzera.