Abuztuan EAEko ospitaleetan oheak murriztuko dituzte

2012/07/27
ELA sindikatuak berretsi egin du bere salaketa, ez baitago ohe nahikorik Osakidetzaren sareko ospitaleetan gaixoak hartu ahal izateko. Izan ere, ospitale horietan ohiko egoeran 200dik gora ohe badago, orain abuztuan %22ko murrizketa egin da.

Osakidetzak 3600 ohe inguru ditu erabilgarri EAEn; baina udan, jarduera kirurgikoa eta medikoa jaisten dela argudiatuz, hainbat ohe itxi du, baita gaixoak onartzeko bereziki prestaturik dauden ospitale-ataletan ere. Aldi berean, ospitale horietako larrialdi-zerbitzuetan boxak eta itxaronaldiak bikoiztu behar izaten dira, ospitalean oheren bat noiz hustuko den zain.

Horren inguruko datu esanguratsuak: Aurtengo abuztuan Gasteizko Santiago Ospitalean 107 ohe itxiko da, Txagorritxun 86, Donostia Ospitalean 205, Basurtun 168, Gurutzetan 75, Galdakaon 108, Gorlizen 36... Ohe eskasia horrek eragin txarra izango du bai langileengan, bai gaixoengan, bai gaixoen familietan.

.- Gaixoak metatzen dira larrialdi-zerbitzuetan (batzuetan korridoreetan ere bai). Hori dela-eta, arretaren kalitatea nabarmen txarragoa da, bai sarreraren zain dauden gaixoentzat eta haien senideentzat, bai arretaren zain daudenentzat; ilarak eta itxaronaldiak luzeak izaten dira, eta instalazio horiek ez dira egokiak hainbeste jende hartzeko.

.- Solairuetako profesionalak bultzatzen dituzte oheak hustera, eta altak arineketan ematera. Horren ondorioz behar baino lehenago kanporatutako horietako batzuk berriro itzuli behar dira larrialdi-zerbitzura, ingresatzeko eta ilarak luzatzeko.

.- Langileen arreta-karga handiegia. Gaixoen aldatze azkarra, batetik, eta lantalde murritzak, bestetik, arrazoi nahikoak dira gaixoei eta senideei egokiro artatzeko betarik ez izateko; hori dela-eta, jendearen haserrea langileengana bideratzen da, eta erasoak, eskuarki ahozkoak, pairatu behar dituzte.

.- Itxaron-zerrendak, bai medikoak, bai kirurgikoak, luzatu dira. Orain 6-8 hilabetekoak, espezialitatea zein den. Atalak ixten dituzten bitartean, auto-kontzertazioari eusten diote udako hilabeteetan (bai zerbitzu medikoak, bai kirurgikoak), eta diru publikoaz ordaintzen dituzte lanalditik kanpoko lanak, batzuetan sareko langileei beraiei.

ELAk salatzen ditu Osakidetzaren neurri horiek, herritarren eta osasun-langileen eskubideen kaltetan doazelakoan. Izan ere, zerbitzuen beraien kalitatea lorrintzeaz gain, gure osasun-zerbitzu publikoaren irudia lohitzen dute. Eta galdera bat plazaratzen dugu: Nori egiten diote onura neurri horiek? Noren mesedetan lorrintzen da osasun-zerbitzu publikoaren kalitatea?