Amoroto eta Mendexako mediku kontsultategia ez da lehentasuna Osakidetzarentzat

2021/05/05
Osakidetzak murrizketa politikari eusten dio: Amoroto eta Mendexako udalerrietan dagoen sendagile postu bakarra kendu nahi du; ondorioz, osasun zerbitzu publikorik gabe utziko lituzke bertako herritarrak. Horrek beste murrizketa bat eragingo luke beharrezko zerbitzu publiko batean, zeinak gaur egun 850 lagun ingururi arreta ematen dion.

ELAk jakin du Amoroto eta Mendexako kontsultategian medikuntza zerbitzua hutsik geratuko dela maiatzaren 24tik aurrera. Hasieran bazirudien modu egonkorrean osatuko zela hutsunea, hau hartzeko prest zegoen beste profesional batekin, baina nonbait erabakia beste bat izan da: postu hori soilik aldi baterako betetzea, eta aurrerago amortizatzea. Horrek beste murrizketa bat eragingo luke beharrezko zerbitzu publiko batean, zeinak gaur egun 850 lagun ingururi arreta ematen dion.

ELAk aspaldidanik salatu izan du Euskal OsasunPublikoan aplikatzen ari den murrizketa politika; Amoroto eta Mendexako kontsultorioan sendagilearen postua amortizatzeko asmoa benetakoa bada, areago konfirmatuko litzateke. Murrizketa politika hau dela eta, hainbat greba deitu izan dira Osakidetzan 2019, 2020 eta 2021 urteetan; horietako hiru Lehen Arretan izan ziren, zerbitzuaren eraispena, eta profesionalek pairatzen duten prekarietate eta gainkarga salatzeko. Gainera, gogoratu behar da Osakidetzak berak adierazten duela lehen arretarako langileak falta direla; alabaina, daudenei tratu txarra ematen die.

Apirilaren 22an, greba deitu zen arlo publikoan eta, zehazki, Osakidetzan dagoen behin-behinekotasun tasa altua dela eta; bide batez, esan beharra dago grebak jarraipen handia izan zuela. Mobilizazio horren helburua zen aurrera egitea aldi baterako enpleguaren arazoa konpontzeko bidean. Gogoratu 2021ean Osakidetzako lantaldearen %58ak aldi baterako kontratua duela.

Amoroto eta Mendexan hartu nahi den erabakiak ez du arazoa konpontzen; aitzitik, krisia larriagotzen du, hala Osakidetzako profesionalentzat, nola bi herriotako biztanleentzat. ELAk beti salatu duen moduan, behin-behinekotasuna zerbitzu publikoetan murrizketak eta pribatizazioa ezartzeko tresna da; azken erabaki honek hala erakutsi digu berriro ere.