OSAKIDETZA

Osasungintza publikoaren alde gizarte plataformek deitutako mobilizazioarekin bat egiten du ELAk

2023/04/21

Gero eta nabarmenagoa da Osakidetzak bizi duen egoeraren larritasuna, batez ere Lehen Mailako Arretan. Argi dago, halaber, Osakidetzak ez duela beste planik, langileak murrizten eta estutzen jarraitzea baino. Ez dago inolako planteamendurik kolektiboaren lan-baldintzak hobetzeko; ez dago profesionalak atxikitzeko eta beste batzuk erakartzeko planik. Era berean, Administrazioan behin behinekotasun tasarik handienetako bat izaten jarraitzen du Osakidetzak.


Osasun publikoaren arazoak egiturazkoak eta pandemiaren aurrekoak dira, eta berehalako konponbide sakonak behar dituzte. Beharrezkoa da Osakidetzak eta Osasun Sailak borondate politikoa izatea, propagandaz gain, osasun publikoa benetako lehentasun bihurtzeko.


Krisi honen aurrean, ELAk larunbat honetan EAEko hiru hiriburuetan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin die militante guztiei.


Honako hauek dira deialdiak:

  • Gasteiz: 12:00etan Bilbo Plazatik
  • Bilbo: 12:00etan Jesusen Bihotzetik
  • Donostia: 17:00etan Boulevard-etik