Arabako Aldundia berriro hasi da ekarpenak egiten langileen pentsio-planaren alde
Beste administrazio batzuen antzera, Arabako Foru Aldundiak ere pentsio-planaren aldeko ekarpenak egiteari utzi zion, Rajoyren 2012ko dekretuaren ondorioz. Lehengo batzuetan jakitera eman dugunez, PNVk zuzenketa bat aurkeztu zion 2014ko Aurrekontuen Legeari, eta onartu egin zen; horri esker, administrazioek berriro egin ahal izango dizkiete ekarpenak pentsio-planei. Hori dela-eta, udal gehien-gehienak hasi ziren ekarpenak egiten urte hasieran, eta hori bera egin zuten Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek.
Orain, Arabako Foru Aldundiak, Javier de Andres ahaldun nagusi duela, bat egin du gehiengoarekin, eta hitzarmen kolektiboaren puntu hori beteko du.
Arabako Foru Aldundiaren erabakia eta gero, are ageriagoan dago ez dagoela inolako arrazoirik pentsio-planen aldeko ekarpenik ez egiteko.
Orduan zergatik Eusko Jaurlaritzak jarraitzen du ITZARRIren aldeko ekarpenik egin gabe? Gobernu-taldeak ez du gogorik bere langileei ekarpenik egiteko, besterik ez. Gure soldataren %3, pentsio-planari sartu beharrean, "ostenjarraitzeko borondate politikoa dute.
Urkullu, Erkoreka eta Zearreta jaunok: Itzarriri atxikitako 70.000 langilek ez dute ekarpenik jasotzen, eta zeuena da erantzukizuna. Eusko Jaurlaritzako langileak diskriminaturik daude, toki- eta foru-administrazioetako langileekiko, eta zeuena da erantzukizuna. Zeuen alderdiak, EAJ/PNVk, Madrilgo aurrekontuei egin zien zuzenketa ezerezera etorri da, eta zeuena da erantzukizuna.
Rajoyren edo Montororen irizpen baten zain dago Jaurlaritza, ekarpenak egitera behartzen duten arte, norberaren egunekin gertatu den bezala?
Horrela betetzen ditu bere eginkizunak Jaurlaritzak?
Urkullu, Erkoreka eta Zearreta jaunok: gogoeta egin zeuen ikuspuntuaz. PPk berak ere aldatu du bere jarrera. Akordioak eta hitzarmenak, atal horretan, betetzen ez dituen administrazio bakarra Eusko Jaurlaritza da.
Gasteiz, 2014ko uztailaren 10a.