OSAKIDETZA

Arabako Osasun Mentala desegiten ari da

2023/06/14
Martxoan agindutako ohe itxieraz gain, paziente gerontosiatrikoak zentro pribatu batera bideratu dira.

Osakidetzak beste urrats bat egin du Arabako Osasun Mentaleko Sarea desegiteko. Azken berrantolaketan oheak itxi ondoren, orain paziente gerontopsikiatrikoak zentro pribatu batera bideratu ditu. Horrek berekin dakar, berriz ere, Erizaintzako Teknikari Laguntzaile taldeko langileen murrizketa; kolektibo hori etengabe prekarizatzen ari da azken urteotan.

ARF2 zerbitzuan egingo den murrizketa berri horrek beste urrats bat dakar osasun publikoaren desegitean, Arabako Osasun Mentaleko Sarean 2016tik jasaten eta salatzen ari garena.

Orain, paziente gerontopsikiatrikoak osasun publikotik atera eta pribatura eraman nahi dituzte. Aldundiak osasun mentaleko pazienteentzako 45 ohe sortu ditu Arabarrenen, Mondragon taldeak Gasteizen sortutako egoitza pribatuan. Beste zentzugabekeria bat, osasun publikoa eta osasun mentala desegiten ari direla baieztatzen duena.

Osakidetza Osasun Mentalean egiten ari den murrizketa politikak eta lan baldintzak prekarizatzeko politikak salatu ditu ELAk beste behin ere, herritarrei eskaintzen zaien arretan ondorioak dituelako.