OSAKIDETZAKO MAHAI SEKTORIALA

Aurrerapausorik ez osasun mahai sektorialean

2025/02/10
Mahai Sektorialeko bileran, hitz onez gain, ez da aurrerapauso nabarmenik eman Osakidetzaren arazo larriei aurre egiteko. Osakidetzak kategorien arteko diskriminazioa dakarren planteamendua egin du mahaian

Giza Baliabideen Zuzendaritzak hainbat gai jorratzen dituen negoziazio-egutegi bat planteatu du, baina ELAk irrealtzat jo du, negoziazio-epeak betetzea oso zaila baita, benetan plantillaren lan-baldintzak hobetuko dituzten edukiak planteatu nahi badira. ELAk negoziatzeko eta kolektiboaren lan-baldintzak nabarmen hobetuko dituzten proposamenak egiteko borondatea azaldu du. Hala ere, susmoa du proposatutako egutegiak ez duela ahalbidetuko benetako negoziazioa irekitzea eta mahai gainean eduki garrantzitsuak jartzea.

Jorratutako gai zehatzei dagokienez, ELAk salatu nahi du kategorien arteko diskriminazioa dakarren planteamendua egin duela Osakidetzak. ELArentzat onartezina da. Hainbat pizgarri planteatu dira profesionalak erakartzeko eta, horrela, betetzen zailak diren plaza batzuk betetzeko, ala nola EAGetako plazak, landa-eremuetan dauden plazak edo hiriguneetatik urrun daudenak, baita arratsaldeko txandako plazak ere. Proposamen horrek, a priori positiboa irudi dezakeenak, bere zentzua galtzen du soilik kolektibo medikoarentzat planteatzen denean. Hala, adibidez, zentro bat landa-eremu batean badago, mediku-kolektiboari lan-denbora gisa zenbatuko zaio joan-etorrietako denbora, baina ez da gauza bera egingo beste kolektibo batzuekin, hala nola erizainekin, administrariekin, zeladoreekin eta abarrekin. ELArentzat ez da onargarria beren lana egoera berean egiten duten bi profesionalek tratu desberdina jasotzea. Urrun dagoen osasun-zentro bat urrun dago profesional guztientzat.

Nabarmendu beharreko beste kontu bat da, merezimendu-lehiaketaren bidez, betetzeko zailak diren familiako fakultatiboen lanpostuen salbuespenezko deialdia. Hautaketa-prozesu horretan merezimenduak baino ez dira baloratuko, eta ez da azterketa bat egiteko beharrik planteatuko. ELAk behin eta berriz aldarrikatu du ezohiko prozesuak deitu behar direla Osakidetzako aldi baterako milaka langileak kontsolidatzeko (plantillaren %50 inguru). Hori oinarri bezela hartuta, ELAk begi onez ikusten du lanpostuak hornitzeko formula hori, baina gainerako kategorietara zabaltzea aldarrikatzen du. Argi dago behar den gauza bakarra dela gaur egun existitzen ez den borondate bat.

ELAk azpimarratu nahi du, beste behin ere, ez dagoela kalitatezko zerbitzu publikorik lan-baldintza onik gabe. Ezinbestekoa da Osakidetzaren egitura-arazo larriei aurre egitea, eta horretarako beharrezkoa da osasunera bideratutako aurrekontua handitzea eta langileen lan-baldintzak hobetzea. Eta horretarako foro legitimoa Negoziazio Mahai Sektoriala da. Ez du ezertarako balio Osasun Ituna bezalako foro paraleloak sortzeak, Mahai Sektoriala edukiz hornitzen ez bada.