Basurtoko Ospitaleko Makua Pabilioiko bi igogailu zerbitzuz kanpo
Osakidetzako murrizketen ondorioz langileek intubatutako eta monitorizatutako gaixoak eskaileretatik jaitsi behar izan dituzte. Hau azpigaratutako herrialdeetako irudia da, baina atzo bertan, Osakidetzan, gertatu zen.
Orain hilabete batzuk Basurtoko Ospitaleak Industriako agindua jaso zuen Makua Pabiloiko bi igogailutatik bat berehala alda zezan (Pabiloi honetan Erreanimazio Zerbitzua aurkitzen da, gaixo kritikoekin) eta behin-betiko itxi zuten igogailua aldatu artean. Aldaketa hori oraindik ere hasi gabe dago.
Apiriletik beste igogailuak hainbat matxura izan ditu eta egoera arriskutsuak sortu dira. Basurtoko Ospitaleko Zuzendaritzarekin izandako hainbat bileretan egoera salatu dugu eta Osakidetzak arazoa konpon dezan eskatu dugu. Atzo igogailuan beste matxura bat izan zuen eta langileek gaixo kritiko bat eskaileretatik eraman behar izan zuten froga diagnostiko larri bat egin ziezaioten.
Egoera honek sortzen duen arriskua izugarria da. Gaixoa muturreko egoeretara darama eta langileek presio gainkarga eta babesgabezia pairatu behar dute. Bere konpromiso profesional eta pertsonalari esker bakarrik manten daiteke zerbitzuaren kalitatea.
Bien bitartean, Osakidetzako kudeatzaileek puntako Osasun Sistemaren itxura ematen jarraitu nahi dute eta publizitate kanpaina daramate aurrera. Kudeatzaile hauek ez dute igogailu horren ordezkapena hasi, bere kudeaketa penagarria azaltzeko komunikabideetan behin eta berriz ateratzen jarraitu arren.
Osakidetzako murrizketek langile eta gizartearengan eragin zuzena dute. ELAk bere lanarekin aurrera egiten jarraituko du Osakidetzak behar bezalako inbertsioa egin eta gure osasun publikoaren kalitatea mantendu eta gizarte honek merezi duen osasun zerbitzua eman arte.