Osakidetza
Basurtuko Larrialdietako eta Deustuko EAGko langileen beharrei erantzun gabe jarraitzen dute

Basurtuko Ospitaleko Larrialdietako langileek elkarretaratzea egin dute, beste behin ere, lan-gainkarga salatzeko eta Osakidetzak neurri zehatzak har ditzala eskatzeko: Areilzako EAGa berreskuratzea, aurreikusitako obrak lehenbailehen egitea, plantilla handitzea eta erradiologiaren eremua indartzea. Deustuko EAGko langileek ere elkarretaratzea egin dute zentroko gaueko arreta presentziala berriro irekitzea eskatzeko (Osakidetzak murriztea erabaki zuen 2021ean, eta ELAk grebara deitu zuen).
Martxoaren 4an egindako lehen protestaren ondoren, Bilbo-Basurtu ESIko Zuzendaritzak premiazko bilerarako deia egin zion ELAri, baina ez zuen inolako neurririk proposatu. Harrezkero, langileek asteartero egin dute elkarretaratzea, eta ELAk 200 sinadura baino gehiago aurkeztu dizkio Zuzendaritzari, aldarrikapenak eta mobilizazioak babesten.
Osakidetzaren pasibotasunaren aurrean, ELAk mobilizatzen jarraituko duela ohartarazi du.