FRESENIUS-DIALBILBO
ELAk bederatzi greba egun deitu ditu irailean eta urrian
Fresenius Medical Care (Dialbilbo) multinazionaleko lamgileek bederatzi greba egun deitu dituzte irailean eta urrian hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Greba egunak irailaren 8, 9 eta 11n eta urriaren 2, 3, 4, 16, 17 eta 18an izango dira. Joan den urtarriletik ari dira hitzarmena negoziatzen eta ordutik aurrerapausorik ez dela eman salatzen dute. KPIaren araberako soldata igoerak eta lan baldintza hobeak exijitzen dituzte.
Lan karga jasanezinak salatzen dituzte, enpresak paziente ratioa betetzen ez duelako Osakidetzaren konplizitatearekin, kalitatezko zerbitzua ematea galaraziz. Aparteko orduen kopurua handia da, gainera: 2022an 3.300dik gora izan ziren; 2023an dagoeneko gainditu dute kopuru hori, legeak ezarritakoa urratuz.
Enpresaren zuzendaritzaren eta Osakidetzaren negoziazio borondate ezaren aurrean, langileek erabaki dute grebara jotzea KPIaren araberako igoerak lortzeko eta murrizketak saihesteko.
Multinazionalak osasungintza pribatuan dialisi zerbitzua eskaintzen du zerbitzu publikotik arlo pribatura bidaltzen diren pazienteei. Kasu honetan, Osakidetzak azpikontratatuta du Bilboko enpresa, eta bere jarduera osoa horretara bideratuta dago, diru publikoz finantziatuta.