Berantevillan bigarren mailako herritarrak

2015/12/17
Osakidetzak ez du argitu zer gertatuko den Berantevillako mediku-plazarekin, plaza horretan orain dagoen medikua otsailean erretiratuko denean. Hori egin beharrean, osasun-antolaketa berri bat ari izan da ezartzen Arabako landa-lurraldean, eskualdea egoera nahasian murgilduz.

2016. urtearekin batera Arabako Osasun Arloa berrantolatuko da; hori dela-eta, aurreko osasun-antolakundeak desagertuko dira (AUO/HUA, Lezako Ospitalea eta Araba Eskualdea), eta horien ordez beste bi sortuko dira (Araba ESI eta Arabar Errioxa ESI). Aurreko antolakundeekin izandako esperientziak dioskunez, praktikan Lehen Arreta eta Ospitale-arreta batera biltzen direnean, arreta komunitarioa desitxuratuz doa, eta kasuan kasuko ospitaleko eskuerako atal bilakatzen da. ESIak ezartzeko prozesu hori inori kontsultatu gabe gauzatzen ari da, goitik agindutako ezarpen huts moduan. Areago, Osakidetzak prozesu horren ondorioen berri emango die sindikatuei abenduaren 23an, eta urtarrilaren 1ean abiaraziko da. Bistan da agintekeria.

Prozesu horrek zailduko du Arabako landa-barrutiko osasun-zentroen arteko koordinazioa. Gainera, Berantevillako medikua otsailean erretiratuko da. ELAk informazioa eskatu du plaza horren betetzeari buruz, eta oraingoz ez dugu erantzunik jaso. Irizpide ekonomizistak ikusita, beldur gara Osakidetzaren asmoa plaza hori amortizatzea ote den.

Antolaketa berriaren arabera, Valles II landa-aldea erdibituko da, batetik, Errioxa ESI, Bastida barne hartuz, eta bestetik, Araba ESI, non Urizaharra, Zanbrana, Berantevilla eta Rivabellosa sartuko diren. Izatez, aldaketa horrek ez omen du ezertan eragingo osasun-aldeko jardunean. Burura datorkigun galdera zera da: Zer dela-eta egingo da orduan?

Kontuan izan behar dugu eskualde horretan murrizketa handi bat egin zela, orain dela zenbait urte, Bastidarako udapartean kontratatzen zen errefortzuari dagokionez. Izan ere, herri horretako biztanleria ekainetik urrira arte nabarmen handitzen da, mahats-bilketagatik eta opor-lekua izateagatik. Gaurko egunean errefortzu hori Urizaharreko, Berantevillako eta Zanbranako profesionalekin betetzen da. Urtaro horretan langileek opor-baimena hartzen dute, eta bi pertsona geratzen dira eskualdean hiru herrietako zerbitzua betetzeko, errefortzuarekin batera. Eskualdeko kontsultategiak urruti daude bata bestetik, hortaz, larrialdi-deia jasotzen denetik profesionalak 20-25 minutu edo gehiago eman dezake bidaian (gainera ez dago ibilgailu berezirik, langileen beren autoetan joan ohi dira). Egoera hori oso kezkagarria da, zeren larrialdietan eskualdeko taldea izaten da lehen erantzulea, anbulantzia medikalizatu bakarra baitago Araba osorako. Orain dela gutxi izan dugu aukera, zerbitzu publikorik inguruetan ez izatearen ondorioak nolakoak diren ikusteko.

Hori horrela, Berantevillako mediku-postua desagertzea guztiz onartezina da. Era berean, Bastidako errefortzuko konponketa horrek egurats gorrian uzten ditu Urizaharreko, Berantevillako eta Zanbranako herritarrak eta profesionalak.

Osakidetzako jaun-andreok, aipaturiko arazo larri horiek benetan konpontzeko borondaterik al dago? Edo eskualde horretan ezbeharren bat noiz gertatuko den zain geratu behar gara… Orain arte herritarren osasun-aukerak desberdinak izan dira bizilekuaren arabera, eta aurrerantzean hori ez da konponduko? Batzuei 10 minututan ematen zaie arreta, eta beste batzuei 20 minutu edo gehiago. Ikusita daukagu sailburu jaunaren taktika horrelakoetan… errua langileari leporatzea. Behin eta berriz zaldien apatxetara jaurtitzen gaituzte.