OSASUN ITUNA

Beste mahai bat baino, Osakidetzak behar ditu berehalako eta egiturazko neurriak

2024/09/04
ELAk Pradales Lehendakariari gutun bidez jakinarazi dio ez duela Osasun Ituneko bileretan parte hartuko, ELAren iritziz, Gobernuak ez duelako osasun arloan sakoneko aldaketarik egiteko asmorik. ELA Osakidetzako mahai sektorialean dago gainontzeko sindikatuekin, eta mahai hori erabat blokeatuta dago. Lehendakariaren ekimenaren sinesgarritasun falta agerian uzten du. Osasungintza publikoa indartzea eta osasun pribatura bideratutako baliabideak murriztea, lan baldintzen hobetzea eta aurrekontua nabarmen haztea izan behar dira akordiorako oinarriak

ELAk erabaki du ez duela parte hartuko EAEko Osasun Ituneko bileran. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren gobernu programa irakurrita, ez duelako inongo zantzurik ikusten pentsatzeko Jaurlaritzak osasun politikak aldatzeko borondatea duenik; programa horrek ez du inongo aurrekontua handitzeko konpromisorik jasotzen, esaterako. Bestetik, uztailean aparteko orduak aldebakarrez negoziatu zituen Lakuak Mediku Sindikatuarekin, gainerako eragileei jakinarazi gabe eta Osakidetzako mahaia deitu gabe. Azkenik, gogoratu behar da ELAk ez duela elkarrizketa soziala deitutako mahaietan parte hartzen, mahai horien eduki faltagatik eta langileen beharrei erantzuten ez dieten politika neoliberalak onartzeko plaza propagandistikoak direlako, sindikatuen eskariei muzin eginez. Ondorioz, bestelako negoziazio eredurik gabe eta oinarri partekatuen faltan, ELAk erabaki du Osasun Ituneko bileran ez izatea.

Hori esanda, ELA prest da Osasun Sailarekin elkarrizketak izateko eta elkarrizketa horien ondorioz akordiorako aukerarik izango balitz adostasun zabalagoak bilatzeko beste eragile batzuekin; horren seinale da ELAk Lehendakariari Ajuria Enean izandako bileran aurkeztutako 80 proposamen baino gehiago jasotzen dituen dokumentua. Baina oinarri horiek landu eta konpartitu ezean, horrelako prozesuak propaganda ariketa hutsak bilakatzen dira.

Alde bakarreko negoziaketa

ELAk lehendakariarekin bildu eta gutxira hedabideen eta langileen bidez jakin zuen Jaurlaritzak Osakidetzan ezarriko zuela aparteko orduen sistema berri bat, beste sindikatuekin inongo kontrasterik egin gabe eta Mediku Sindikatuarekin aldebakarrez eta ezkutuan negoziatuta. Ez da elkarrizketarako borondatearen erakusle.

ELAren ustez, aparteko orduak eginaraztea, autokontzertazioa bultzatzea eta garapen profesional iruzurti bat ezartzea dira Osakidetzaren arazo nagusietako batzuk, eta egungo kolapso egoera ekarri dutenak, besteak beste. Uztaileko akordio horrek erakutsi zuen osasun sistema publikoari baliabideak eskaini beharrean, Jaurlaritzak nahiago duela aparteko orduak ezarri profesional eskasiaren auziari heldu baino, sindikatu korporatiboen babesarekin.

Bestetik, gogorarazi behar da Eusko Jaurlaritzak berriz ere 2024rako soldata igoera aldebakarrez inposatu zuela uztailean, sindikatuokin bildu gabe.

Elkarrizekta soziala eta Osakidetzako mahaia

Pandemian, ELAk Elkarrizketa Sozialean ez parte hartzeko erabaki hori salbuespenez berrikusi zuen eta Urkullu Lehendakariak deitutako bileretan izan zen. ELAk egindako ekarpen bat bera ere ez zen kontuan hartu, ezta beste sindikatuek egindako ekarpenak ere, eta Eusko Jaurlaritzak ELAren parte hartzea nahierara erabili zuen adierazteko bere politika publikoak gizartea entzun ondoren hartuak izan zirela, kontrakoa gertatu arren. ELAk ez du parte hartuko eduki eta neurri zehatzak baino, helburu propagandistikoak dituen bileretan.

Gogoratu behar da ELA gainontzeko sindikatuekin Osakidetzako mahai sektorialean dagoela, baina mahai hori erabat blokeatuta dago. Azken 12 hilabeteetan, 14 bilera egin ondoren, ez da ezer aurreratu. Sindikatuokin lan baldintzak negoziatzeko mahaiak inongo akordiotarako gaitasunik ez duenean bestelako foroak antolatzea propaganda ariketa hutsala da eta ekimenaren sinesgarritasunaren eza uzten du agerian.

Baliabide gehiago, planifikazio gehiago

Osakidetzak bizi duen egoera larria iraultzeko, ezinbestekoa da egiturazko aldaketa sakona egitea eta langileen lan baldintzak hobetzea. Oraingoz, Osasun Itunak ez dauka oinarri partekaturik, ez ELArekin behintzat. Osasungintza publikoa indartzea eta osasun pribatura bideratutako baliabideak murriztea, lan baldintzen hobetzea eta aurrekontua nabarmen haztea izan behar dira oinarriak, ELAren iritziz. Horiek izan behar dira negoziazio baterako zutabeak.