osakidetza

ELAk helegitea jarru du biltegiak pribatizatzeko erabakiaren aurka

2024/02/09
ELAk erabaki du Osakidetzak biltegiak pribatizatzeko hartutako erabakia inpugnatzea, erabaki hori "opakua eta legearen aurkakoa" dela argudiatuta. Era berean, sindikatuekin negoziatu gabe hartu dela gogorarazi du. Horregatik guztiagatik, errekurritzeaz gain, ELAk prozedura eteteko eskatu du, kautelazko neurri gisa.

Urtarrilaren 23an, Osasun Sailak Osakidetzako Iurretako zentro logistikoaren lizitazioa argitaratu du 129 milioi euroko zenbatekoarekin. lldo horretan, gogoratu behar da 2023an Osasun Sailak 269 milioi euro erabili zituela pribatizatuta dituen zerbitzuak ordaintzeko, hau da, aurreko urtean baino %9 gehiago. Egun zerbitzu hori Osakidetzak berak ematen du bere langileekin, beraz, eragiketa horrek ekarriko du gaur egun kudeaketa zuzena duen zerbitzua pribatizatzea.

Osakidetzako biltegietan 180 pertsonek egiten dute lan, eta Osakidetzan sartzen den material guztia kudeatzeaz arduratzen dira. Gainera, material guztia jaso, erregistratu eta sailkatzen dute, ESIen eta zerbitzuen eskaera guztiak jasotzen dituzte, eskaerak prestatu eta zerbitzuen arabera banatzen dituzte. Bada, 180 langile horien etorkizuna airean dago.

Duela hilabete batzuk, Sagardui sailburuak adierazi zuen ez zela lanposturik suntsituko. Osakidetzak egindako lizitazioarekin, errealitatea oso bestelakoa da: zerbitzua pribatizatzen ari da.

Aurrekoaren ildotik, 2011. urtean Eusko Jaurlaritzak sindikatuekin akordio bat sinatu zuen zerbitzu publikorik ez pribatizatzeko eta pribatizatutako zerbitzu guztiak lehengoratzeko konpromisoarekin. Osakidetza ez da akordio hori betetzen ari. Gainera, argi dago erabaki hori zerbitzu publikoen aurkakoa dela, zerbitzu hori eman behar duen plantillaren lan baldintzak are gehiago prekarizatzeko aprobetxatuko baita.

ELAk, bide juridikoaz gain, elkarretaratzea egin zuen atzo Osakidetzaren aurrean, Osakidetzari eskatzeko geldi dezala proiektu hori, eta berma dezala, alde batetik, zentro logistiko berriaren kudeaketa soilik publikoa izango dela, eta, bestetik, ez dela langilerik baztertuko, ez finkoa ez aldi baterakoa.