vithas san jose (gasteiz)

Bost greba egun arrakastatsu, gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri arren

2024/03/26

Gasteizko Vithas San Jose ospitaleko langileek gaur amaituko dituzte beste bost greba egun, lan baldintza duinen alde. Plantillak urte eta erdi baino gehiago darama borrokan eta enpresak Batzordearekin hitzarmen kolektibo bat negoziatu gabe jarraitzen du. Besteak beste, 2019tik eguneratu gabeko erosteko ahalmena berreskuratzea eta Osakidetzako langileek duten 1592 orduko lanadira hurbiltzea eskatzen dute.

ELAk, CCOOk eta UGTk osatutako Batzordeak eta langileek salatu dute Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko gutxieneko zerbitzuak. Zerbitzu horiek ezin izan ditu enpresak berak bete, langilerik ez dagoelako horretarako.

Ohikoa da, halaber, zerbitzuak aldi luze batean bete gabe geratzea, baita greba deialdirik ez dagoenean ere: zuzendaritzaren ohiko jarduera da plantillari txanda bikoitza eskatzea absentziak betetzeko. Langileek ezin dituzte beren gain hartu lan-kargak, eta laneko bajen indize handia dago.

Horregatik guztiagatik, langileek argi dute borrokan jarraituko dutela egoera aldatu ezean.