Deba goieneko ospitalearen izenaren galera
Dagoeneko denok dakigu herri-administrazioek, bai Madrilgoak, bai Gasteizkoak, ezarritako murrizketen eragin txarra, Osakidetzaren langileen baldintzetan ez ezik, herritarrei ematen zaizkien zerbitzuetan ere nabaritu dela. Horrekin batera kontuan hartzen baditugu Deba Goieneko Ospitaleko Zuzendaritzak darabiltzan irizpide merkantilistak, ospitalearen kudeaketari dagokionez; ondorioa zera da: eskualdeari eskaintzen zaion osasun-zerbitzuaren kalitatea lorrindu da.
Baina zein dira zehazki salatzen ditugun arazoak? Langileen soldaten murrizketak, langileen bajak ez ordeztea, lanpostu hutsak ez betetzea... arazo horiek ez dagozkie soilik osasun publikoko langileei. Arazo horiek badakarte, halaber, osasun-zerbitzuen kalitatearen galera; eta Arrasateren kasuan galera horren adibide garbiak ditugu.
Arrasateko Ospitaleak erditze-bainuontzi bat dauka, Osakidetzan aitzindari; baina gaurko egunean inork ez daki noiz hasiko den erabiltzen. Dauden bost operazio-geletatik hiru bakarrik erabil daitezke aldi berean, ez baitago pertsonal nahikorik bostak aldi berean artatzeko. Hori dela-eta, bi operazio-gela ez dira inoiz erabiltzen. Aste honetan bertan programaturik zeuden operazio batzuk atzeratu behar izan dira, pertsonal nahikorik ez izateagatik. Eguneko ospitalea (UCSI), gaixoak artatzeko edukiera handia duena, pertsona bakar batek dauka ardurapean. Pertsonala etengabe murrizten denez, langileek berenak ez dituzten eginkizunak egin behar dituzte. Segurtasun pribatuko langile azpikontratatuek administrari laguntzaileen edo zelarien atazak egiten dituzte, eta administrari laguntzaileek zelarienak...
Ospitaleak solairu eta zerbitzu potentzial asko dauka, baina pertsonala etengabe murrizten du. Ekuazio horretan badago zerbait koadratzen ez dena. Eta hori Arrasateko Ospitaleko langileen baldintzak kaltetzearen kontura egiten da; baina, baita ere, Deba Goieneko herritarrei gero eta osasun-zerbitzu txarragoak eskaintzearen kontura. Bi adibide gehiago: asteburuetan pediatria kendu dute larrialdi-zerbitzutik, eta laboratorioa Gasteizera eraman dute. Horrelako gauzak haserretzeko modukoak dira denentzat, langileentzat eta erabiltzaileentzat.
Ospitale horrek gaitasun handia dauka Deba Goienari zerbitzu bikaina emateko, bai azpiegituraren aldetik, bai profesionalen aldetik. Baina zuzendaritza-taldeak arlo biak kudeatu behar ditu, osasun-zerbitzua ematen dutenak langileok garela kontuan izanik. Eta zenbakiei, emaitzei eta balantzei begira jarraitzen badute, profesionalei eta kalitateko osasun-zerbitzu publiko bati begiratu beharrean, osasun publikoa hiltzeko zauriak harturik geratuko da.
Baliabide materialak, kudeaketa arduratsua eta herri-onurako irizpideak; hori guztia behar dugu denok, batez ere orain, krisi-garaian. Langileok —administrazio publikoetakoek eta sektore pribatukoek—, kooperatibistek, erretirodunek, udaletako zinegotziek... denok behar dugu kalitateko osasun publikoa.
Hori horrela, ELAk dei egiten die Arrasateko Ospitaleko langileei eta erabiltzaileei aurre egiteko zapalkuntza horri, eta antolatuko diren mobilizazio eta protestekin bat egiteko. Eta denon artean eskatu behar diogu gure erakundeari, zerbitzu publikoetan benetan sinesten badu, Madrildik ezarritako murrizketak ez onartzeko eta ez aplikatzeko, gizartea txirotzeko baino ez baitira izango.